Funts hori behin-behineko aurrerakin gisa ezartzea proposatzen du ezker koalizioak, eta dio horrek ez lukeela, "inola ere", enpresaren erantzukizuna ezabatzea ekarriko.
Bildutik azpimarratu dute herritarren eskubideak eta ongizatea bermatzea lehentasunezkoa dela, eta, ondorioz, Urazandiko bizilagunek ez luketela dirurik aurreratu beharko beren poltsikotik obra publiko batek eragindako kalteak konpontzeko. Gaineratu dute auzotarrak kalteen arduradunen balizko atzerapen ahaleginen eta aseguru etxeen errekurtsoen artean harrapatuta geratzeko beldur direla: "Ohiko egoerak dira biak; haren eredu bat San Bartolome kalean erori zen etxeko kasua dugu". Hori dela eta, Bilduk uste du Udalak "jarrera aktibo eta arduratsua" hartu beharko lukeela, Errezabal egoitzako obrak amaitu arte itxaron gabe eta enpresak ezarritako prozeduren edo aseguru-etxeen ebazpenetara baldintzatu gabe.
Lanak hasi zirenetik urtebete baino gehiago igaro da. 2026ko martxoko osoko bilkuran, 2026ko apirilaren 1etik aurrera obrak geldiaraztea adostu zuten, eta, ezarritako baldintzen artean enpresak geldialdi haren ondoriozko gainkostuen erantzukizuna bere gain hartzea zegoela adierazi du Bilduk. "Momentuz, gainkostu horien zenbatekoaren kuantifikazioa ez dugu ezagutzen, eta konponketak egiteko epe eta prozedurez ere ez da askorik argitu. Isiltasun honek eragiten duen zalantza eta ziurgabetasunari aurre egiteko, kaltetu horietako batzuk beren kabuz konponketa lanak egiteko saiakeran dabiltza".
Lau eskaera
Mozioak lau eskaera biltzen ditu:
1. Udal teknikariek baloratutako partida ekonomiko edo funts bat ezartzea, obra amaitu arte atzeratu ezin diren konponketak finantzatzeko, bereziki segurtasunari, bizigarritasunari edo egiturazko kalteei eragiten dieten kasuetan.
2. Udalak kaltetu bakoitzarekin hitzarmen bat sinatzea, ordainketa egitean eskubideen lagapena jasota gera dadin, gerora aseguru-etxearen aurrean erreklamazio judiziala arazorik gabe egin ahal izateko.
3. Udalak obra horren komunikazioaren arduradun gisa kontratatutako langileak kaltetuei arreta eta haiekin zuzenean bete beharreko prozedurez arduratzea, beharrezko informazioa eskaintzeaz gain, espediente bakoitzaren jarraipen pertsonalizatua eginez.
4. Udalak beharrezkoak diren prozedura guztiak abian jartzea, obraren enpresa esleipendunari, Viuda de Sainz/Urdinberri enpresari, edo harekin lotutako erakundeei, konponketa horiek egiteko aurreratutako zenbatekoak erreklamatzeko.