Konpostaje tailerra emango dute Furgobaratzakoek irailaren 28an Elgoibarren

Asier Orbea Ostolaza

Konpostajeaz ikasteko aukera izango da astelehenean, irailaren 28an, Elgoibarko baratze publikoak dauden inguruan.

Furgobaratza zerbitzu ibiltariak geldialdia egingo du hilaren 28an Elgoibarren. Baratzeak mantentzeko aholkuak emateaz gain, konpostajeari buruzko tailer bat ere eskainiko dute 18:00etatik 19:00etara.
Kimu Bat enpresako profesionalek gidatuko dute saioa. Baratzeetako erabiltzaileez gain edozein gerturatu daiteke tailerrera. Doakoa da.

Furgobaratza zerbitzu ibiltaria da, tutoretza eta produktu ekologikoen salmenta eskaintzeko. Aisialdirako baratze eremu publikoetan zehar mugitzeko sortu zuten, baina baita mota ezberdinetako ekitaldi zein azoketan baratzegintza eta lorezaintza ekologikoa sustatzeko ere. Eskaintzen dituen zerbitzuak honakoak dira:

Baratzezainei zalantzak argitzen laguntzen diete in situ (gaixotasunak, landaketa garaiak, erabili beharreko ongarri kantitatea…)
Garaian garaiko landare eta hazien salmenta. Bertako barietateak, komertzialak, bai eta exotikoak ere. Ahal den neurrian, ekologikoak.
Zerbitzua hilerokoa edo aldizkakoa izan daiteke. Aurrez aurrekoa, gertukoa eta ordutegi beharretara egokitua.

  • Furgobaratza zerbitzuaren informazioa, hemen.