Julen Dobarro eta Paula Pereira izan dira azkarrenak Aiastiako trailean

Asier Orbea Ostolaza

Aiastia San Miguel Trailaren bigarren ekitaldia jokatu zuten atzo, San Migel jaien barruan.

CATT Morkaiko taldeak eta Kalamua Elkarteak antolatutako mendi lasterketaren bigarren edizioa izan zen aurtengoa, eta 39 lagun lehiatu ziren. Julen Dobarro mendaroarra eta Paula Pereira eibartarra izan ziren azkarrenak. Dobarrok 33 minutu eta 17 segundoan osatu zuen 6,5 kilometroko ibilbide gorabeheratsua. Bi gailur igo zituzten: 468 metroan dagoen Zirardamendi 533 metroko garaiera duen Morkaiku. Dobarrok ez zuen hobetu iazko irabazle Iker Calvo saltakari gasteiztarrak egin zuen marka (30:05). Atzokoan Camilo Lopez soraluzearra sailkatu zen bigarren postuan (0:35:23) eta Asier Belategi eibartarra hirugarrengoan (0:35:49). Alex Bergua izan zen lehen elgoibartarra, laugarren postuan (37:10); eta Julen Etxeberria lehen auzotarra. 
Emakumezkoen artean Paula Pereira eibartarra izan zen azkarrena, 45 minutu eta 12 segundoko denborarekin. Maider Arriolak (46:42) eta iazko irabazle Pilar Arriolak (46:50) osatu zuten podiuma. (sailkapenak  -PDF-)

Antxitxikari gazteenen artean, Joseba Astorkiza bermeotarra gailendu zen eta beteranoetan Patxi Esnaola tolosarra. Lasterketa aurpegi onenarekin egin zuen saltakaria ere saritu zuten antolatzaileek eta Jon Uriondo saritu zuten.
Parte hartzaileen artean zozkatu zuten saria Aritz Sanchezek jaso zuen, Belaustegin bazkaria jaso du saritzat. 

Lasterketako argazkiak goiko bilduman. (Argazkilaria: Mikel Askasibar / Elgoibarko Udala)