Betidanik gustatu izan zaizkio natura eta argazkilaritza Vicente Guineari, eta liburu horretan biak uztartu ditu. Monumentu natural izendatuta dauden zuhaitzak eta beste pare bat gehiago jaso ditu. Hain zuzen ere, liburu horri esker, Euskal Herrian zehar bidaiatzeko aukera ere izan du.
Noiz eta nola bururatu zitzaizun liburu hori sortzea?
Orain dela hamalau urte hasi nintzen liburuko zuhaitzei argazkiak ateratzen. Denak zuhaitz bereziak dira, eta horrela jasota dituzte aldundiek ere. 64 daude guztira, eta gehienak Nafarroan daude, baina nik ez ditut denak jaso. Bizkaiko zazpi daude; Gipuzkoakoak eta Arabakoak, hamabina; eta Nafarroakoak, 34. Horiez gain, beste hiru bat ere sartu ditut, katalogatuta egon gabe ere atentzioa eman didatelako. Hasieran ez neukan buruan liburua kaleratzerik, baina material asko neukan, eta ingurukoek animatu ninduten. Hainbat argitaletxerekin jarri nintzen harremanetan, eta askok erantzun ere ez zidaten egin. Betak baietza eman zidan, arduradunari ere gustatzen zaizkiolako horrelako gaiak. Zortea eduki nuen. Oso ondo saltzen ari da liburua. Argazkiez gain, zuhaitz bakoitzaren informazioa ere jaso dut, eta eskoletan eta liburutegietan jende askok erabiltzen duela esan didate. Nahi duenak Morkaikon erosi dezake; bazkideek, %10eko deskontuarekin.
Liburu horri esker bidaiatzeko aukera ere izan duzu, beraz.
Bai, bai. Ordu pila bat eskaini dizkiot. Zuhaitz batzuk behin baino gehiagotan erretratatu ditut, gainera, urteko hainbat garaitan, hain zuzen ere, eta liburuan ikusten dira desberdintasunak. Batzuetan, joaten nintzen eta ez zegoen nik nahi nuen argitasunik; beraz, berriro joaten nintzen, beste ordu batean. Zuhaitzen eboluzioa ere ikusi dut denbora tarte horretan. Niretzako hau ez da lana izan, gozamena baizik. Nire bi pasioak uztartu ditut proiektu horri esker, natura eta argazkilaritza.
Noiz hasi zinen argazkilaritzan?
Argazkilaritzarako zaletasuna ere aspalditik daukat. Nire kabuz ikasi dut guztia. Jesus Mari Sarasuarekin egin nuen ikastaro bat, 1980. urte inguruan, eta orduan harrapatu ninduen argazkilaritzak. Analogikoarekin hasi ginen, argazkiak errebelatzen genituen eta izugarri gustatu zitzaidan. Gaur egun, digitalean nabil. Argazkiak ateratzen denbora asko pasatzen dut, ez da erraza nahi dudan emaitza lortzea. Jubilatu ondoren, denbora gehiago eskaintzen hasi nintzen argazkilaritzari, eta, mendian ibiltzea asko gustatzen zaidanez, zuhaitzei argazkiak ateratzen hasi nintzen. Hiru bilduma ditut osatuta: orain dela 25 urte, beste zuhaitzetan aurkitzen nituen animalien formak jaso nituen bilduma batean, eta argazki erakusketa batzuk ere egin nituen argazki haiekin. Jaizkibelgo geoformak ere bilduta ditut, eta zuhaitzena izan da, momentuz, egin dudan azkena. Dena dela, nik jarraituko dut argazkiak ateratzen.
