Barikutik domekara egongo da zabalik Sanloren garagardo azoka

Asier Orbea Ostolaza

Los Gavilanes mariatxi taldekoak iazko garagado azokan. Sanlo EKT

Iaz azaroan egin ostean, berriro ere garai ohikoan egingo dute Sanlobeer garagardo azoka, urriaren hasieran; zehazki urriaren 2tik 4ra, Maalako parkean.

Olaizaga eta IMH kiroldegiez gainera Maala ingurua ere eskubaloizaleen -eta gainerako herritarren- topagune izango da asteburu honetan, garagardo festaren 12. ekitaldia izango dena egingo baitu Sanlok.

Barikuan zabalduko dute azoka, 19:00etan. Domekara bitartean zuzeneko musika emanaldiek, bingo solidarioak edo dantzaldiek girotuko dute azoka. Zapatu gaueko kontzertua Los Gavilanes Mariachi Jubenil taldeak emango du, 22:30etik aurrera. Zapatuan eta domekan 12:00etatik aurrera irekiko dute azoka.

Hainbat garagardo mota egongo dira aukeran eta jatekoari dagokionez, egunero salduko dituzte ukondoa, saltxitxak, patata purea, oilaskoa eta patata frijituak. Azken egunean, domekan, paella erraldoi bat prestatuko dute, eta txartelak aurretik hartzea gomendatu dute. 

 
Emaitzak eta partiden ordutegiak

Sanloko zenbait talde hasi dira dagoeneko liga txapelketetan lehiatzen. Beste batzuek aurrerago ekingo diote lehiari. Senior emakumezkoen talde nagusiak, esaterako, urriaren 11n jokatuko du Euskal Ligako lehen partida. Senior gizonezkoen taldeak etxean eta garaipen batekin hasi zuen Euskal Liga asteburuan. Alcortak 30-27 irabazi zion Indupime Basauriri. Bigarren jardunaldian Ereintza Beissier taldearen aurka jokatuko dute, Errenterian.

Asteburuko emaitzak

  • Deuko Izarra 33-25 Munttarpe (Gipuzkoako txapelketa, 2. maila)
  • Grupo Jon Ander 27-22 Munttarpe (Gipuzkoa txapelketa, 2. maila)
  • Alcorta Forging Group 30-27 Indupime Basauri (Euskal liga)

Asteburuko partidak
Zapatua, urriak 3

  • 15:30 Donibane eskubaloia Vs Deuko Izarra (Gipuzkoako txapelketa 2. maila. Pasai Donibane udal kiroldegian)
  • 17:00 Grupo Jon ander Vs CB Urola  (Gipuzkoako txapelketa 2. maila. Olaizaga kiroldegian)
  • 17:30 Ereintza eskubaloia Vs Alcorta forging group (Euskal Liga. Galtzalaborda kiroldegia, Errenteria)

Alcorta FG taldeak garaipen batekin hasi du Euskal Liga txapelketa. Sanlo EKT.