Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, gaur 17:00etatik aurrera inauguratuko dute Memoriaren Tailerra, eta irekien jardunaldia izango da gaurkoa. Elgoibarko Jubilatuen Biltokian izango da. Ekitaldia tailerra eta eskaintzen duena gertutik ezagutu nahi duten guztiei zuzenduta dago, eta herritar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta.
Ekitaldian tailerrean emango dutenaren nondik-norakoak ezagutzeko aukera egongo da, eta ondoren kafe baten bueltan batuko dira bertaratutakoak, azaldutakoez elkarrekin berba egiteko. Elgoibarko Udalak parte hartzera animatu ditu herritarrak, "aukera ezin hobea baita tailerraren eskaintza ezagutzeko eta bertan parte hartzeko aukera baloratzeko".
Memoriaren tailerrak adimen-funtzioak suspertzeko, mantentzeko eta hobetzeko diseinatutako saio praktikoak dira. Tailer horien helburu nagusia da garuna aktibo mantentzeko egin daitezkeen gauzak aztertzea eta erakustea, zahartze kognitiboari aurre egiteko edo memoria-galera txikiak prebenitzeko.