'Ez dot amaitu' diskoa kaleratu du Amorantek

Asier Orbea Ostolaza

Amorante 'Ez Dot Amaitu diskarako irudian. IKER GOZATEGI

Amorante moduan hasi zuen ibilbideko laugarren disko luzea kaleratu du Iban Urizar musikari elgoibartarrak: Ez Dot Amaitu. Dagoeneko entzun daiteke plataformetan.

"Ez dakit inoiz abesti bat amaitutzat eman dudan. Disko hau ere amaitu gabe dagoela pentsa nezake, edo ez. Hainbat abesti bidean gelditu dira, topatuko ditut berriro, agian", dio musikariak, diskaren izenburua nondik datorren argituz, nolabait. Izan ere, dioenez, gogoeta eta sentipen zehatz bat dago diskoaren muinean: obra amaitu barik uztearen sentsazioa, edota beharra, edota nahia. Eta hor badago adierazpide ezberdinetako artista askoren aldarrikapen bat: artelanak ez dira sekula amaitzen. Gogoeta eta sentipen horrek elkarlotzen ditu disko honetarako Amorantek hautatu dituen hitzak, landu duen ahots musikala eta Ramon Zabalegi artistaren hautu estetikoa. Hark egin ditu arte-plastikoko lanak. "Zabalegiren sorkuntza plastikook, bukatu gabeko bozetoen antza dute, beratzen utzitako lehen bulkada baten emaitza bailiran".

2016an lehen lan luzea plazaratu zuenetik, Amoranteren kantagintzan etengabeak izan dira euskarazko herri kantagintzari egindako keinuak, disko guztietan antzeman daiteke euskal kantagintza berriari edota bertsolaritzari buruzko zantzuren bat. "Ez Dot Amaitu berri honek, euskararen eta bere kulturgintzaren historian berebiziko garrantzia eta eragina izan zuen mugimendu baten oihartzuna dakar", dio. 

Ez Dot Amaitu diskaren azala. 

Zortzi kanta

Ardura da, agian, disko osoa lotzen duen haria: "jasotakoari eta utzitakoari erantzuteko ardura, maitatzeari, musikari, memoriari, minari edo ondareari lotutako ardura, zarataz urruntzeko ardura, ardurarik gabeko bizitza eta ereduez urruntzeko desira". Joanes Buffekin grabatu ditu abestiok, Baionan, Shorebreaker estudioan. Benoit Belek egin ditu masterizazio lanak.

Astearteaz geroztik dago lana osorik entzungai Badok plataforman, eta gaur jarri dute beste hainbat plataformetan ere. Fisikoki, binilo formatuan bakarrik salduko du musikariak. Ez Dot Amaitu disko berriak zortzi kanta dakartza, eta banan-banan aurkeztu ditu Amorantek:

  • 52 Hz: Bale bakartia edo Whalien 52 bezala ere ezaguna, 52 Hz-ko ezohiko frekuentzian abesten duen balea mota bakarra da. Bakardadearen inguruko abestia da. Bakardadea norberak hauta lezake. Bakardadea besteek inposatu diezagukete. Zahartzaroari oso lotua, baina norberaren behar bezala ere ikusi daiteke. Inoren beharra ez izatea bizitzan aurrera egiteko.
  • Amaren Eskuak: Mari Luz Estebanen “Andre zaharraren manifestua” liburuko izen bereko poema musikatuta sortutako kanta da. Gurasoen zahartzaroari buruzko maitasunezko begirada bat.
  • Ahaideak: Familia, oinordetza, memoria...Zer gogoratzen dugun, gauzak nola gogoratzen ditugun eta nola ahazten ditugun. Abesti gordina, dantzagarria ere bere berezitasunean, baina, orokorrean, nahiko bortitza.
  • Una petita canço: Musika sortzeari eginiko deklarazio sotil bat. Xabier Zeberioren harizko moldaketekin jantzitako abesti dotorea.
  • Maitasunezkor: Maitasun erromantikoaren kontra eginiko manifestua, bikote harremanetan dauden talka eta gorabeheren errebindikazio zintzoa.
  • Aspaldiko Orroak: Bakardadea bizi duen gizon bati buruzko kanta da. Beste garai bateko gizona da, aspaldikoa. Irudi bisuala eta metaforikoa da, literala eta grafikoa baino gehiago. Erraietakoa eta basatia da.
  • Niño de Elche: flamenko kantari ohiak euskaraz kantatzen duen lehen aldia da
  • Excalibur: Excalibur ezpataren metafora gogoan, bizipen kaltegarrietatik sendatzeko prozesu bat irudikatu nahi du abestiak. Erantzukizun afektibo anti-epiko bat proposatzen du. Crescendo zaratatsua Joseba Irazoki eta Felix Buffen esker.
  • Zaldunarena: Gerraren aurkako kanta da, borroka antzu baten trajedia, zauria eta geratu den hutsunea.

Maitasunezkor abestia:

Ez Dot Amaitu , lana aurkezteko zuzeneko lehen emanaldiak ere iragarri dituzte: 

Urriak 8: Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza
Urriak 9: Gasteizko IAK (Izaskun Arrue Kulturgunea)
Urriak 16: Donostiako Victoria Eugenia Kluba
Urriak 17: Manresako Fira Mediterranea
Urriak 23: Arrasateko gaztetxea, Kooltur Ostegunak
Urriak 31: Huesca Extraradio jaialdia
Azaroak 8: Zuiako gaztetxea
Azaroak 21: Madrileko La casa encendida, Poetas jaialdia