Bosgarren mailan dauden golf jokalarientzako Euskadiko Golf Txapelketako zirkuituko finala jokatu zuten, aurreko zapatuan, Izki golf zelaian (Urturi, Araba). Golf zelai ezberdinetan lehiatu dira aurrez ia 120 jokalari, besteak beste, Uraburu, Goiburu, Zuia, Urburu, Larrabea edota Goiburuko golf zelaietan jokatu dituzte txapelketako jardunaldiak; eta, lurralde bakoitzeko onenak sailkatu ziren Izkin jokatu zuten finalerako. Gizonezkoen finalean 47 jokalari lehiatu ziren.
Espainiako txapelketara sailkatuta
Euskadiko Golf Federazioak jokalariek duten mailaren arabera sei maila edo kategoriatan banatzen ditu jokalariak. Kategoria absolutuan lehiatzen dira handicap baxuena duten jokalari onenak, eta aldiz, handicap altuena dutenak (normalean 26,5etik 36ra bitartean) 5. mailan lehiatzen dira. Azken kategoria horretan lehiatu zen Daniel Rino Avila, eta bera izan zen onena finalean lehiatu ziren 47 jokalarien artean, 46 puntu lortuta. Bigarren postuan Cosme Fernandez (45 puntu) sailkatu zen eta Jose Maria Fontecha hirugarrengoan (44 puntu). (ikus sailkapena -PDF-) Podiuma osatu zuten hiru golflariak sailkatu dira Espainiako Txapelketa jokatzeko. Madriden jokatuko dute txapelketa hori, golf zentro nazionalean, urriaren 24an.
Duela hamabost urte hasi zen
Erretiroa hartu berri duela dio Rinok, eta azken aldian denbora gehiago eskaini ahal izan dio golfari. "Aurreko urteetan 30. postuan, edo atzerago sailkatzen nintzen horrelako txapelketetan, baina azken laupabost urteetan denbora gehiago eskaini diot, eta uste dut hortik etorri da emaitza hau. Ez nuen espero, baina pozik nago titulu honekin, hor geratuko baita", dio. IMHn lanean ari zela ezagutu zuen golfa estreinakoz, duela 15 urte, Oñatin dagoen Irelore golf instalazioetara lankideekin egin zuten irteeran, hain zuzen ere. "Bazkalostean kartetan jolastea nahiago izan zuten lankideetako batzuek eta golfa probatu genuen beste batzuek. Asko gustatu zitzaidan eta neure kabuz hasi nintzen handik aurrera. Orain ia ostiralero joaten gara Larrabeako golf zelaira".
