Adinekoentzako baliabideen gida eguneratu du Elgoibarko Udalak

Asier Orbea Ostolaza

Maialen Gurrutxaga alkatea eta Pilar Iranzo Gizarte Zerbitzuen arloko arduraduna adinekoentzako gida eskuetan dutela. Elgoibarko Udala.

Urriaren 1ean ospatzen da Adinekoen Nazioarteko Eguna, eta eguneratu duten adinekoentzako gida aurkezteko probestu zuen Elgoibarko Udalak.

Adinekoei eta horien familiei zuzendutako baliabide gida da kaleratu dutena, eta elgoibartar guztien etxeetara banatuko dute. "Gida hau herritarrentzako tresna praktikoa da, behar dituzten adinekoen zerbitzu eta baliabide guztiak erraz aurki baititzakete, modu ordenatu, argi eta eskuragarrian. Horrela Etxez etxeko laguntza, telelaguntza, eguneko zentroa, Jubilatuen Biltokia, Nagusilan edo eta Musika eskolan eskaintzen diren beste hainbat baliabide jasotzen ditu, pertsona bakoitzaren autonomia eta duintasuna beti erdigunean jarriz", azaldu dute udal arduradunek.

Azpimarratu dutenez, urteetako lanaren emaitza da gidan jasotzen den baliabide sorta, "herritarren beharrak entzun eta erantzuna ematen saiatzearen emaitza".