Tokiko Energia Komunitatearen sorrerak gatazka eragin du alderdi politikoen artean

Ainhoa Andonegi Alonso

Elgoibarko Udala Tokiko Energia Komunitatera batu izanak gatazka sortu du EH Bildu eta PSE-EEren artean. Bilduk interesak salatu ditu, Araujo PSE-EEko zinegotzia delako TEK elkarteko presidentea

Elgoibarko Udalak Tokiko Energia Komunitatea (TEK) sortu du, "trantsizio energetikoa bultzatzeko eta energia berriztagarria herritar guztiengana hurbiltzeko". Udaletik azaldutakoaren arabera, Udalak lagatako udal estalkietan plaka fotoboltaikoak jartzean oinarritzen da proiektua. Udal-teilatuetan eguzki-plakekin sortutako energia kontsumituko dute bost kilometrorainoko erradioan kokatutako etxeek, denda txikiek eta ostalariek, udalerrian bertan ekoitzitako energia berriztagarria eskuratu ahal izateko. 

Eragileen esanetan, hainbat onura ekarriko dizkie egitasmoak komunitateko kideei: Energia-kostuak murriztea, tokiko energia berriztagarria eta prezio egonkorragoak eskuratuz; faktura elektrikoan aurreztuko dute eta energia %100 berriztagarria eskuratuko dute, instalazio propioetan obrarik egin beharrik gabe. Horrez gain, aholkularitza energetiko pertsonalizatua jasoko dute, eta azkenik, karbono-aztarna murriztu eta iraunkortasunarekiko konpromisoa indartuko da.

Aser Araujo Udaleko Ingurumen arloko arduradunak azpimarratu duenez, proiektu hau aukera historikoa da Elgoibarrentzat. Nabarmendu dute, halaber, eredu energetiko iraunkorragoa bultzatzen duela egitasmoak, hurbileko energia sorkuntzan eta kontsumoan oinarrituta. Azkenik, gaineratu dute jasangarritasuna, autokontsumo energetikoa eta tokiko garapena sustatzen dituela, kontsumo elektrikorako alternatiba eraginkorra eta ingurumenarekiko errespetuzkoa eskainiz.

EH Bildu eta PSE-EE, gatazkan

EH Bilduk interes-gatazka ikusten du gai honetan, "TEK elkartea pribatua delako eta Aser Araujo PSE-EEko zinegotzia delako elkarteko presidentea": "Interes-gatazka nabarmena dago bi ikuspuntuetatik: Aserrek osoko bilkurako eztabaidan eta bozketan parte hartzean eta Udala elkarteko kide bihurtzean. Aserren kasuan, legearen aurkako jokabidea dago; Udalaren aldetik, berriz, ematen duen irudia da arazoa". Bilduko arduradunek defendatu dute eraikin publikoak udalak lideratutako proiektu publiko baten bidez erabili behar direla eta ez zinegotzi bat buru duen elkarte pribatu baten bidez.

EHBilduk dio Espainiako Toki Araubidearen Oinarrien Legearen 76. artikuluak berariaz ezartzen duela udal-korporazioko kideak abstenitu egin behar direla administrazio-prozedurako abstentzio-arrazoiren bat dagoenean; betebeharra deliberaziora, bozketara, erabakitzera eta gauzatzera zabaltzen da. Gaineratu dute, 40/2015 Legearen 23.2.a artikuluak abstentzio-arrazoi gisa jasotzen duela, besteak beste, gai horretan interes pertsonala izatea; erabakian interesa duen erakunde bateko administratzailea izatea alegia. EH Bilduren ustez, abstentzio-arrazoia egoteko oinarri juridiko "oso sendoa" dago hortaz kasu honetan.

Salaketa honen aurrean, Elgoibarko PSE-EEk gezurretan ibiltzea eta herritarrak engainatzen saiatzea egotzi dio EH Bilduri. Elgoibarko PSE-EEk dio informazio guztiz faltsua argitaratu duela Bilduk, sozialistek defendatzen duten eredua zalantzan jartzeko. Diotenez, energia-komunitatearen eredu hori ez da sozietate pribatu bat, EH Bilduk bere idatzian adierazi duen bezala, baizik eta herritarren, saltoki txikien eta ostalarien elkartze askean oinarritutako komunitatea, eta, gaineratu dute, irabazi-asmorik gabeko elkarte publikoa dela. "EH Bilduk herritarren burujabetza energetikoa bultzatzeko proiektu estrategikoa zapuztu nahi du. Herriarentzat ona den guztia ez da ona haientzat", adierazi dute. Sozialistek argitu dute TEK Elgoibar herritar eta merkatari guztiei irekita dagoela, argindarraren kontsumo-fakturak murrizteko aukera eskaintzen duela, inbertsio handirik egin beharrik gabe eta instalaziorako estalki edo teilatu propiorik izan beharrik gabe.