Noiz eta nola hasi zinen margotzen?
Amak ere gustuko du margotzea; hortaz, harekin hasi nintzen umetan. Eguraldi txarra egiten zuen egunetan, ordu pila bat pasatzen nituen marrazten zein eskulanetan. Izugarri gozatzen dut. Sanbartolomeetako marrazki lehiaketan urtero hartzen nuen parte, eta askotan irabazi nuen. Batxilergo artistikoa egin nuen gero, Eibarren. Zalantzati joan nintzen hasieran, esaten zidatelako ez zeukala lanerako irtenbide askorik, baina etxean animatu egin ninduten. Ez naiz sekula damutu hartutako erabakiaz. Lagun asko egin nituen eta nire zaletasun berberak zituen jende asko ezagutu nuen. Gero, Diseinu Grafiko ikasketak egin nituen unibertsitatean. Nik jende guztiari gomendatuko nioke gustuko duen hori ikasteko. Urte asko egin behar dira gero lanean, eta norberaren gustuko lanean jardutea garrantzitsua da.
Estreinakoz jarri dituzu ikusgai zure lanak. Zer erakutsi nahi izan duzu?
Erakusketa egiteko irrikaz nengoen, nire lanak erakusteko, eta ez da erraza izan erakusketarako koadroak aukeratzea. Lan pila bat ditut etxean; komunean izan ezik, beste txoko guztietan ditut koadroak zintzilikatuta, eta banekien denak ezin nituela jarri erakusketan. 2018tik gaur egunera artekoak aukeratu ditut. Erakusketa horrekin neure buruaren aurkezpen moduko bat egin dut, nor naizen azaldu nahi izan dut. Bidaia moduko bat da, eta ikusten da nire eboluzioa, bai pertsona moduan eta baita margolari moduan ere. Oso koadro pertsonalak dira guztiak.
Nola ikasi zenuen marrazten?
Amak erakutsi zidan hasieran, eta gero, nire kabuz, orduak sartuta. Pintura eskoletara ere joan nintzen garai batean, eta han asko ikasi nuen, proportzioak eta perspektibak zaintzen bereziki. Hainbat teknika lantzen ditut, eta denak gustatzen zaizkit. Eskuz marraztea nahiago dut, baina azkenaldian ez daukat nahi beste denborarik margotzeari eskaintzeko, eta digitalean ere ibiltzen naiz. Denetik marrazten dut: gauza abstraktuak, errealistagoak, animaliak, pertsonak... Zailena pertsonak marraztea da, baina, tarteka, marrazten ditut. Batzuetan, irudiak bilatzen ditut liburuetan zein Interneten eta kopiatu egiten ditut, betiere, nire ukitu pertsonala emanda, baina gehiago gustatzen zait neuk sortzea. Edozein unetan edo lekutan aurkitzen dut inspirazioa. Sormena lantzea bizitzarako oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Umetatik landu behar da sormena, eta marrazteak asko laguntzen du horretan. Nik mundu guztia animatzen dut margotzera; ondo edo gaizki berdin du, denak balio du eta dena dago ondo.
Aurrera begira, zein da zure asmoa?
Gustatuko litzaidake erakusketa hori beste herri batzuetan ere egin ahal izatea, neure burua ezagutzera emateko. Saiatzen naiz sare sozialen bidez nire lanak erakusten, baina mundu hau zaila da. Nahiko nuke lanak enkarguz egiten hastea ere. Lagun baten izebak eskatu dit lan bat, eta beste enkarguren bat ere badaukat. Orain artekoak nireak dira, barrutik irteten zaidana margotu izan dut eta lan guztiek niri buruzko zerbait adierazten dute. Salgai dauzkat koadro asko, baina batzuk niretzat gordeko ditut. Marraztea da nire pasioa, marrazten gozatzen dut eta marrazteak egiten nau ni. Margotzea dut afizio, eta gustatuko litzaidake ofizio bilakatu ahal izatea. Berdin zait margo-irakasle izatea, diseinatzaile grafikoa agentziaren batean, ilustratzaile edo tatuatzaile. Margotzearekin lotura duen guztia gustatzen zait.