Elgoibar klima-aldaketara egokitzeko konponbideak proposatzeko saioa antolatu dute martitzenerako

Asier Orbea Ostolaza

Klima-aldaketari buruzko saio parte hartzailea antolatu du Elgoibarko Udalak urriaren 20rako. 

Aurreratu dutenez, herritarren esperientziak partekatzeko, gune zaurgarriak identifikatzeko eta Elgoibar Klima-aldaketara egokitzeko konponbideak proposatzeko topagunea izango da Elgoibarko Kultur Etxean egingo duten saioa. 18:00etatik 19:00etara egingo dute eta edonork parte hartu ahal izango du. 

Tokiko Klima eta Energia Plana prestatzen ari da Elgoibarko Udala, eta horren barruan antolatu dute jardunaldia, klima-aldaketari aurre egiteko tokiko estrategia herritarrekin batera lantzeko asmoarekin. Gainera, Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen (Asteklima 2026) testuinguruan antolatu dute. Udalak parte hartzera animatu ditu herritar guztiak, haien bizipenak, ezagutza eta ikuspegia ezinbestekoak direla uste baitute, "herrira benetan egokitzen den plana diseinatzeko".

Jardunaldiak hiru helburu nagusi izango ditu, honakoak:

  •  Mapa gainean kokatzea klima-aldaketaren aurrean kalteberak diren eremuak eta beroari aurre egiteko babes-eremuak.
  • Herrirako jarduketak proposatzea: itzal eta zuhaitz gehiago, gune berdeak, lurzoru iragazkorrak, drainatze iraunkorra eta klima-babesleku hobetuak.
  • Herritarren ekarpenak Elgoibarko Klima Babeslekuen Planarekin alderatzea.