Zumaiatik Zarautzera mendi irteera egingo dute urriaren 25ean Morkaikorekin

Asier Orbea Ostolaza

Santiagoko hondartza, Zumaian, Askizu auzorako bidetik.

Kostaldeko paisaiez gozatzeko mendi irteera antolatu dute domekarako Morkaiko mendi taldeak eta herriko ikastetxeetako gurasoek.

Elgoibarko geltokian 9:20ko trena hartu eta Zumaiara joango dira, ibilaldiari handik ekiteko. Santiagoko hondartza albotik Getaria eta Zarautz alderako bidegurutzea hartuko dute, eguneko aldapa pikoenak artean fresko daudela igotzeko. Behin gaina hartuta, baina, ibilbide guztia mahasti artean egingo dute, Kantauri itsasoa bistan dutela hainbat unetan. "Ibilbidea luzetxoa izan arren, 9 bat kilometro, ez da zaila. Lasai lasai edozeinek egiteko modukoa da. Igande goiz pasa eder bat lagungiroan egiteko ezin aproposagoa", adierazi dute antolatzaileek. 

Irteera hauetan ohikoa duten moduan, bazkal ordurako Elgoibarren egotea da asmoa. Itzuli ere trenez itzuliko dira Zumaiatik Elgoibarrera. 

Irteera nagusiei zein gaztetxoei zuzenduta dagoen arren, umeak ezingo dira bakarrik joan, guraso edo arduradunen batekin baizik. Eguraldia dela eta abisu edo alertarik egon ez gero, irteera bertan behera geldituko da.