Ohi duten moduan, Bilboko Mendi Film jaialdiko azken edizioko pelikula onenen eta arrakastatsuenen emanaldiarekin hasiko dute Morkaikok antolatutako 2026ko Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloa (2026ko UMEZ). Azaroaren 6an izango da, Elgoibarko Herriko Antzokian.
Hiru hitzaldi
Bilbao Mendi Film Festivaleko emanaldiez gainera, Morkaikokoek hiru hitzaldi antolatu dituzte UMEZ2026 ziklorako. Azaroaren 12an izango da aurreneko hitzaldia eta azaroaren 24an azkenengoa.
'Kangai mendietatik Altai magalera, Mongolia txirrindaz'
Hasteko, Igone Mariezkurrenak (Pasai Donibane, 1985) 'Kangai mendietatik Altai magalera, Mongolia txirrindaz' izeneko solasaldia emango du azaroaren 12an, ostegunez, Kultur Etxean (19:00). Kazetari eta antropologoa izateaz gain, abenturazalea ere bada Mariezkurrena, eta orain hiru urte ere hartu zuen parte mendi emanaldien ziklo honetan, orduko hartan Islandiako Westfjords eskualdean barrena bizikletaz eginiko bidaia izan zuen hizpide (ikus elkarrizketa BARRENen). Oraingoan Mongoliako estepan eta basamortuan bizikletaz eginiko ibileren berri emango du.
Nire Mugen gainetik, Josu Merino
Josu Merino eskalatzaile eta mendizale elgoibartarrak emango du zikloko bigarren hitzaldia, azaroaren 18an, Aita Agirre Kulturgunean (19:00).
Munduko bazter eta txoko guztietako paretak eskalatu ostean, berriki bere mugen gainetik ibili dela dio Merinok. Horien berri emango du 'Nire mugen gainetik' izeneko saioan. 2025ean, Josu Merino eta David Lopez “Troner” eskalatzaileek bi bidaia egin zituzten Dolomitetara, ekialdera eta mendebaldera, izotz eta harrizko eskaladako erronkei aurre egiteko. Emanaldian bidaia horietako bizipenak eta erronkak azalduko dituzte, baita Dry-Tooling estiloan eginiko eskaladako hainbat igoeraren berri eman ere: pioletekin eta kranpoiekin harrian gora, izotzera iritsi arte. Eskaladan, ordea, indar fisikoa bezain garrantzitsua da burua. Bi bidaia, hainbat erronka eta esperientziaz betetako abentura bat. Horixe da aurreratu dutena.
Mujeres que mueven montañas liburua
Begoña Santos Olmeda idazle donostiarrak Mujeres que mueven montañas liburua izango du hizpide UMEZ zikloa itxiko duen solasaldian, azaroaren 24an, Kultur txean (19:00). Santosek idatzitako liburua Literaturako Desnivel Sariaren finalista izan zen 2023an. Zortzi emakumeren istorioak batu ditu liburuan, haiei eginiko elkarrizketen bidez. Antolatzaileek azaldu dutenez, ahanzturatik berreskuratu ditu mendi baten eszenatokia hondoko oihaltzat duten emakume mendizale, zientzialari, aktibista eta landa-inguruneetan bizi diren emakumeak protagonista dituzten aparteko zortzi istorio. 2021eko Abuztuan talibanak agintera iristeari aurre egin behar izan zion Aqila Hashimi alpinista afganiarretik hasi eta XIX. mendean esploratzaile, mendizale eta lesbiana izan zen Anne Listerreraino, bere garaiko konbentzionalismoei aurre egin behar izan zien emakumea. Liburu honetan jasotako kontakizunek Stéphanie Besson, Flor Cuenca, Bethan Davies, Ekeney Njau, Rosario Clemente eta María Jose+ Blancoren benetako esperientziak kontatzen dituzte, protagonista bakoitzaren berezitasuna hauspotuz, haien emozioak, beldurrak, mundua ikusteko eta interpretatzeko modua.

