Elgoibarko Udalak, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Elkarteak, Siadecok eta Batera Elgoibarren herri ekimenak sustatuta, euskarak Elgoibarren bizi duen egoerari buruzko ikerketa aurkeztu zuten joan den astean Aita Agirre kulturgunean. 40 bat lagun bildu ziren guztira. Ekitaldiaren lehenengo zatian, Siadeco ikerketa elkarteko Unai Oiartzun eta Jon Arrugaeta ikerlariek 2025ean Elgoibarren egin zuten ikerketa soziolinguistikoak emandako emaitzak oinarri hartuta, euskarak herrian bizi duen egoera azaldu zuten. Bigarren zatian, berriz, hamar urte barru Elgoibar euskaldunagoa izateko hobetzekoen atala landu zuten, talde txikietan jarrita.
Metodologia
Siadecoren ikerketak zeharkako informazioa eta zuzenekoa bildu ditu. Zeharkakoa jasotzeko Elgoibarko euskararen inguruan dagoeneko eginak dauden ikerketak erabili dituzte –Eustat, Elgoibarko Udala, euskaltegiak, kale neurketak...–, eta zuzeneko informazioa jasotzeko, berriz, lan kuantitatiboa eta kualitatiboa uztartu dituzte. Kuantitatiboari dagokionez, 859 inkesta bideratu dira, bost kolektibo estrategikotan banatuta: 629 herritar –15 urtetik gorakoak–; 50 industria-enpresa –5 langile edo gehiagokoak–; 113 merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimendu; 61 herri elkarte –kirol, kultura, aisialdi, euskara eta gizarte arloetakoak–; eta udal erakundeko eta Musika Eskolako sei ordezkari. Arlo kualitatiboari dagokionez, berriz, sakoneko hamalau elkarrizketa pertsonal egin dituzte herriko hezkuntza, euskara eta gizarte-eragile nagusiekin zein informatzaile kualifikatuekin –Elgoibarko Institutua, Ikastola, Herri Eskola, EHU, IMH, MEKA, IMH Campus, Udaleko Euskara Saila, Elgoibarko Izarra, Udal Euskaltegia, AEK Euskaltegia, EMUN eta Danobat–.
Alde positiboak
Euskararen ezagutzak gora egin du herritarren artean azken 30 urteotan: euskaldunen kopurua %56,2tik (1991) %61,7ra (2021) igaro da, 5,5 puntu gora eginda, eta horiei ia euskaldunak diren %16 gehituta, esan daiteke elgoibartarren %77,7ra iristen da kopurua. Erdaldunen kopuruak, gainera, behera egin du, eta %22,2 dira. Gaitasun erlatiboari dagokionez, herritarren erdiek (%48) adierazi dute euskaraz eroso edo berdin moldatzen direla; zehazki, %26 erosoago sentitzen dira euskaraz eta %22 bi hizkuntzatan berdintsu moldatzen dira.
Ezagutzaren hazkunde horren arrazoi nagusia hezkuntza-sistema izan da; izan ere, D eredua erabat nagusitu da Elgoibarren: ikasleen %96,9k D ereduan ikasten dute, eta portzentaje hori %97koa da Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta batxilergoa aintzat hartuz gero. A eredua Lanbide Heziketako ikasketa jakin batzuetara mugatuta geratu da (%2,9). Horren ondorioz, herritarren alfabetatze-mailak jauzi kualitatiboa eman du: 1991n, euskaldunen %38,5 soilik zeuden alfabetatuta; eta 2021ean, %50,4ra iritsi zen kopuru hori.
Era berean, arreta eta zerbitzu hizkuntza euskara da Elgoibarren. Udaleko langileen %95 euskaldunak dira, eta ia langile guztiak euskaraz idazteko gai dira. Enpresa handietako zuzendaritzetan zein langileen artean, bestalde, %76 dira euskaldunak, eta, gizarte bizitzari erreparatuta, elkarrizketa kualifikatiboek Elgoibarko Izarrak egindako lana nabarmendu dute; bereziki, Barren Komunikazioa eta aisialdiko Atxutxiamaika proiektuak.
Hobetzekoak
Elgoibarko euskararen egoera orain dela 30 urte baino hobea da alderdi askotan, baina ikerketak erakutsi du oraindik badagoela zer hobetu, eta, bereziki, erabileran jarri dute begia arduradunek. 1991koarekin alderatuta gora egin du kale erabilerak, baina, 2014ko datuari begiratuta (%39,7), jaitsi egin da (%36,2). Gazteen artean, gainera, erabilera txikiagoa da: %29,6. Zerbitzuei erreparatuta, bestalde, ostalaritzako langileen artean euskararen ezagutzak behera egin du nabarmen: %81etik %38,9ra. Era berean, enpresa txikietan zein kirol-elkarteetan erabilera txikiagoa da eta euskara-planen ezarpena urria da. Transmisioari dagokionez ere euskarak lekua galdu du familian eta etxe-giroan, eta etxean euskara hutsez egiteko ohitura %36,5etik %27,5era jaitsi zen 1991tik 2021era.
Lehentasunak
Etorkizunean Elgoibar euskaldunagoa izateko hobetzekoen atala talde txikietan aztertu zuten, aurkezpenaren bigarren zatian, eta lehentasun hauek jarri zituzten: herritarren inplikazio soziala eta protagonismoa areagotu beharra azpimarratu zen lantaldeetan. Izan ere, jendea, oro har, euskararen alde dagoela erakutsi du ikerketak, baina, hala ere, askorentzat euskararen normalizazioa ez da lehentasuna. Euskararen normalizazioa denon ardura dela gizarteratu behar dela adostu zuten lantaldeetan. Bigarren ardura nagusia etxeko hizkuntza-transmisioa eta familia-giroko euskararen erabilera-jaitsiera izan zen. Taldeetan bildu zirenen iritziz, etxean euskara erabiltzea ez da nahikoa, eta, horrez gain, euskalduntasuna eta euskal identitatea ere landu beharko liratekeela diote. Hirugarrenik, sektore jakin batzuetan euskararen erabilera areagotzeko lan-planak prestatu behar direla aipatu zuten; besteak beste, kirolean, merkataritzan eta ostalaritzan.