Sanlok 267 jokalarirekin eta emakumeen presentzia handiarekin hasi du denboraldia

Asier Orbea Ostolaza

Sanloko jokalarien, entrenatzaileen eta zuzendaritzako kideen talde-argazkia. SORAYA CID

Hamalau talderekin ekin dio denboraldiari Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeak, horietako zortzi emakumezkoenak. Guztira 267 jokalarik jantziko dute kamiseta zuri-gorria.

Azken urteetako joerari eutsiz, Sanlon nabarmena da emakumeen presentzia, hirutik bi baitira emakumezko jokalariak, 178 guztira, zortzi taldetan. Gizonezkoen lau taldeetan, berriz, 81 jokalarik dihardute. Eskubaloi eskolan are nabarmenagoa da nesken parte hartzea, 69 neskak eta 12 mutilek osatzen baitute Sanloren harrobirako sarbidea den Eskubaloi Eskola.

Sanlok, estreinakoz, lau talde izango ditu senior mailan: Alcorta Forging Group eta Mikel Inmobiliaria taldeak Euskal Ligan arituko dira, eta gizonezkoen Grupo Jon Ander eta emakumezkoen Deuko Izarra taldeek Gipuzkoako Bigarren Mailan jokatuko dute.

Beheko taldeei dagokienez, gazte mailan bi talde izango ditu klubak (Deca eta Cimde), hiru talde arituko dira kadeteetan (Urkunde, Amaro Eraikuntzak eta Neurri), beste hiru talde infantiletan (Zubacor, Astigarraga Gys Sport eta Tecnifuelle), eta alebin kategorian lehiatuko dira Ongi eta Bacalaos Alkorta taldeak.

Kirol balantzea eta aurreikuspena

Sanloko arduradunak pozik daude iazko denboraldiak eman zuenarekin, bereziki senior mailako taldeek eman zuten mailarekin, eta horri eutsi nahi diote sasoi berrian. "Iazkoa denboraldi ona izan zen senior mailan aritu ziren hiru taldeentzat, hirurek jokatu baitzituzten igoerarako kanporaketak. Emaitza on horiek errepikatzea edo, ahal dela, hobetzea izango da helburua", adierazi dute. Alde negatiboan, kadete-gazte nesken taldea Euskal Ligatik probintzialera jaitsi izana aipatu dute; zehaztu dute beste denboraldi batzuetan baino zailagoa zela mailari eustea, talde gehiago jaitsi dira-eta mailaz.

170.000 euroko aurrekontua

Sanlok 170.000 euroko aurrekontuarekin itxi zuen 2025-2026ko denboraldia, eta sasoi honetarako antzerako aurrekontuarekin moldatu ahal izatea aurreikusten dute. Halere, azaldu dutenez, ahalegin berezia egin beharko dute iazko gastuak ez handitzeko, jokalarien lizentzia federatiboen kostua "asko" handitu da eta. Lizentzien garestitze horren ondorioz, bazkide-kuota 5 euro igotzea erabaki dute: 25 eurotik 30era.

Denboraldi honetan ere eskubaloiaren bueltako hainbat jarduera antolatuko ditu Sanlok. Ohikoagoak izango dira batzuk: Gojko Vucinicen omenezko txapelketa, SanloBeer garagardo azoka, denboraldi amaierako festa, Gabonetako campusa, hondartzako eskubaloia, Gipuzkoako Kopako finalak antolatzea eta abar. Eta, bestalde, ezohikoagoak diren jardueren artean, Elgoibarrek hartuko duen Hand Porters atezainen formazio jardunaldia eta lurralde mailako selekzioen gazte mailako Euskal-Nafar txapelketa dira aipagarrirenak.

Hona hemen Sanlok denboraldi honetarako osatu dituen taldeak, argazkietan (alebin mailako Ongi eta Bacalaos Alcorta taldeen argazkiak falta dira):