Oñatiko Natur Eskolako kidea den Aimar Uribesalgo Urzelaik egingo ditu gidari lanak. Gida oñatiarrak emango ditu igaroko duten paisaia hobeto ezagutzeko azalpenak. "Naturaren eta gizakion jardueraren elkarrekintzen ondorioak ulertzeko klabeak emango dizkigu, eta Aizkorri-Aratzeko parke naturalaren paraje hau sakonago ezagutzeko aukera paregabea izango dugu", azaldu dute antolatzaileek.
Arantzazun emango diote hasiera 11 kilometroko ibilbideari, eta autoetan joango dira haraino. Arantzazutik oinez abiatu eta Urbiarako bidea hartuko dute. Ondoren, Pagoko Amabirgina iturritik pasa eta Urbiarantzako bide zaharretik gora egingo dute, Erroitegiko arkaiztian barrena. Iturrigorriko basora ailegatzean, eta basoan barrena doazen bitartean, baso-kudeaketa ezberdinak ikusteko aukera izango dute; besteak beste, LIFE proiektuko pago-motzak. Jarraian, Gazteluaitz mendiko gailurra (917 metro) igoko dute, eta inguruko basoen panoramika ederraz gozatzeko parada izango dute. Gailurretik beherako bidean Arantzazurantzko bidea hartuko dugte Bellotzako kortatik pasatuz.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehenbailehen izena ematea komeni da, plazak mugatuak direla-eta.
Ibilbidearen datu batzuk:
+ Distantzia: 11 km
+ Desnibela: 440m
- Izen ematea eta informazio gehiago hemen.
