Oraingoan "Hitzen lapurra" izenburua duen saioa ekarriko du Kortazarrek Elgoibarrera, non hitzak dira kontaketaren hizpide. Bazen behin herri bat, elkar maitatzeko, sendatzeko eta ikasteko hitzik gabe gelditu zena. Kantuak eta kontuak gelditu zitzaizkien, eta horiek lapurtu ditu ipuin kontalariak, hala nahi dutenekin partekatzeko. Hizkuntza baten galera, hitzaren boterea, berbak maitasun bihurtzen dituen nerabea, eta desioen betetzea, guztiak ipuin bihurtuta.
Honela aurkeztu du bere burua Dorleta Kortazarrek: "Eskoriatzan jaio nintzen, Deba ibaiaren sorburutik oso gertu. Berba hitza maite dut. Nik sortutako ipuinak, tradizionalak eta egile berrienak kontatzen ditut, helduentzat, haurrentzat eta nerabeentzat. Kontatzen dudanean, bestelako mundu bat posible dela sinesten dudalako".
Elgoibarren emango duen saioa 19:00etan hasiko da, liburutegian.
Doakoa den arren, aurrez izena eman behar da, honako telefono zenbakietan: 943 743 525 / 688 710 138 edota honako helbidera mezua idatzita: liburutegia@elgoibar.eus