"Ondo egindako egoitza" nahi du Duintasuna elkarteak, "eta berme guztiak izatea"

Ainhoa Andonegi Alonso

Duintasuna elkarteak Urazandiko mendi-maldaren segurtasunari buruzko azalpenak eskatu dizkie Elgoibarko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta gardentasuna exijitu.

Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, 2024ko abenduan idatzitako Errezabal egoitzaren behin betiko proiektuak ohartarazten zuen Urazandiko maldako lurra heterogeneoa zela. Ondorioz, zortzi zundaketa egitea eskatzen zuela gaineratu dute, maldari eusteko ainguraketak diseinatu aurretik. 2025ean hasi zituzten obrak, eta elkarteak erakundeei galdetu zien ea zortzi zundaketa horiek egin diren. Salatu dute oraindik ez dutela erantzunik jaso, eta gogoratu dute 2026an obrak geratu egin zituztela, "maldaren ezegonkortasunagatik". 

Duintasunak proiektuaren dokumentazioak jasotzen dituen mugarriak bildu ditu kronograma honetan:

  • 2022-2023. Zazpi zundaketa egin ziren malda aztertzeko.
  • 2024ko otsaila. Gipuzkoako Foru Aldundiak beste aholkularitza-enpresa bati eskatu zion kalkuluak berrikusteko eta euste-hormak optimizatzeko, zundaketa berririk egin gabe.
  •  2024ko martxoa. Lurra aztertu zuen teknikariak idatziz ohartarazi zuen kalkulu berriak «eskuzabalegiak» zirela. Maldako arroka-geruzak irauli edo labaintzea ere ezin zela baztertu adierazi zuen.
  •  2024ko abendua. Behin betiko proiektuak beste zortzi zundaketa egitea eskatzen zuen, ainguraketak diseinatu aurretik.
  • 2025. Egoitzaren obrak hasi ziren.
  • 2026ko apirila. Egoitzaren eraikuntza eten egin zen, malda hasierako azterketek aurreikusten zutena baino ezegonkorragoa zela egiaztatu ondoren.
  • 2026ko uztailetik aurrera. Urazandiko etxebizitzen, bidearen eta auzoaren segurtasuna bermatzeko lanak egiten hasten dira.

Hiru hilabete erantzunik gabe

Duintasunak kontratuaren dokumentazioa eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari uztailean, eta elkartekoek adierazi dute Aldundiak hamabost eguneko epea eman ziela enpresa eraikitzaileari eta Udalari, haien oharrak aurkez zitzaten: "Hiru hilabete igaro dira, eta Duintasunak oraindik ez du erantzunik jaso". Joan den irailean, elkarteak informazioa eskatu zion Elgoibarko Udalari ere: "Hilabete baino gehiago igaro da, eta Udalak ere ez du erantzun". Duintasunak bi erakundeei eskatu die eskatutako informazioa emateko eta zer erabaki hartu dituzten azaltzeko, baita erabaki horiek zer azterketa teknikotan oinarritzen diren argitzeko ere.

Era berean, auzokideekiko "gardentasuna" eskatu diote Udalari: "Irailean, Elgoibarko Udalak, proiektuko bazkidea den aldetik, auzokideei gardentasun osoz eta hurbiltasunez informatzeko konpromisoa hartu zuen. Duintasunak konpromiso hori bete dezala eskatu dio Udalari". 

Horren harira, bi galdera zehatz egin dituzte: batetik, jakin nahi dute ea egin ziren proiektuak eskatzen zituen zundaketak; eta, bestetik, gaur egun malda horretan zer lan egiten ari diren jakin nahi dute: "Auzoko segurtasunari eragiten dioten galderak dira, eta erantzun argiak behar dituzte". 

Ondo egindako egoitza

Duintasunak 2019tik defendatu du Elgoibarrek adinekoentzako "egoitza duina" behar duela. "Orduan, beste kokapen bat proposatu genuen; herrigunean, toki lasaian eta lorategi batekin. Egoitza txikiagoa eta herritarrengandik hurbilagoa ere nahi genuen", adierazi dute. Duintasunakoen iritziz, Errezabalek ez ditu betetzen ez kokapenari buruzko proposamen haren ezaugarriak, ezta tamainari buruzkoak ere. "Hala ere, eta dagoeneko eraikitzen ari direnez, ondo egitea eta berme guztiak izatea nahi dugu", esan dute.

Elkarteko arduradunen esanetan, 2024ko proiektuan zetorren ohartarazpen teknikoak "garrantzi berezia" hartu du 2026an lurzoruan antzemandako arazoen ondoren. "Nork erabaki zuen obrekin aurrera jarraitzea, eta zer azterketa teknikotan oinarritu zen erabaki hura?", galdetu dute. "Herritarrok erantzunak jasotzeko eskubidea dugu", gaineratu dute. "Egoitza guztiona da eta guztiongan du eragina".