Azken garaipena etxean lortu zuten, Donostiako Saieko Grupo Seiprel taldeari 34-31 irabazita. Partida erdipurdi hasi zutela aitortu dute Alcortako jokalariek, partidari neurria hartu ezinda ibili zirelako. Hala, atsedenaldi luzera berdinduta iritsi ziren (12-12). Bigarren zatian akatsa errepikatu eta "bigunegi" kantxaratu ziren, eta aurkariek hiru goleko errenta hartu zuten markagailuan. Orduan biziago jokatzen hasi zirela diote eta korrika gehiago eginez lortu zuten markagailua iraultzea eta azkenerako partida irabaztea.
Partidarik galdu gabe zegoen beste taldeak, Donibane Eskubaloiak, galdu egin zuenez Egia taldearen aurkako partida, Alcorta bakarrik geratu da sailkapeneko buruan, 10 punturekin. Halere, estu dago sailkapena goiko postuetan, lau talde baitaude 8 punturekin, hau da partida bakarra galduta: Egia Natxo Taberna, Donibane, Petronor Muskiz eta Barakaldo. Alcortak Erromoko Eskubaloia taldearen aurka jokatuko du asteburuan, Getxoko Gobela kiroldegian. Zapatuan, 18:15ean.
Mikel Inmobiliaria taldeak ezin San Adianen aurka
Senior emakumezkoen lehen taldeak ere, Mikel Inmobiliariak, etxean jokatu zuen Euskal Ligako partida, baina 28-35 galdu zuten Dreyky DJ San Adrian talde biztaitarraren aurka. Partida indartsu hasi eta atsedenaldira parekatuta iritsi ziren arren, bigarren zatian behartu gabeko huts ugari egin zutela uste dute, eta hor egin zien alde partidak. Hiru jardunaldi jokatu eta gero bederatzigarren postuan daude elgoibartarrak, garaipen batekin eta bi porrotekin. Zapatuan Ameztoi Zarautz taldearen aurka jokatuko dute laugarren jardunaldiko norgehiagoka, Zarautzko Aritzbatalde kiroldegian (15:30).
Deuko Izarra eta Grupo Jon Ander
Gipuzkoako bigarren mailan diharduen Sanloko senior emakumezkoen bigarren taldeak, Deuko Izarrak, denboraldiko lehen porrota jaso zuen Usurbilen, 25-22 galduta. Elgoibartarrak sailkapeneko laugarren postuan daude, hiru partida irabazi eta bat galdu ostean.
Era berean, gizonezkoen Grupo Jon Ander taldeak ere liga hasiera hona egin du Gipuzkoako 2. mailan. Lehen lau jardunaldietan partida bakarra galdu dute eta gainerako hirurak irabazi.
