Ostiral iluntzean egingo dute Elgoibarren Gaba Beltza ospakizuneko ekitaldia

Asier Orbea Ostolaza

Azken urteotako ohiturari jarraituz, Gaba Beltza ospatuko dute Elgoibarren Domu Santu Egunaren bezperatan. 

Herriko eragileek hilaren 30era aurreratu dute aurten ospakizuna; beraz, ostiralean egingo dute ekitaldia, Maalako parkean. 
18:00etan, atontze tailerra egingo dute, eta umeek aurpegia margotzeko aukera izango dute bertan.

19:30ean, argiak itzaliko dituzte, eta iluntasunak hartuko du parkea. Zuziekin iritsiko dira danbor-joleak, mozorrotuta, eta, segidan, ipuin irakurketa saioa egingo dute; Naiara Martinek idatzitako Kanela, kalabaza eta gatxak liburua irakurriko du Alex Etxegibel eduki-sortzaile elgoibartarrak. Amaieran, txokolate beroa banatuko diete herritarrei.

Elgoibarko Udalaren laguntzarekin antolatu du Elgoibarko Izarrako Atxutxiamaika aisialdi taldeak Gaba Beltza jaia, eta beste hainbat eragilek ere parte hartuko dute aurtengo antolakuntzan, hala nola Egurrek, Txankakuak, Atabal danborradak eta Uluka Batukak.

Xanduli Manduli

Gaba Beltzeko ohitura bilakatu da umeek gozokiak eskatzea, Ziria ala saria jolasa eginez. Txankakua Merkatari Elkartearen bitartez, herriko hainbat establezimenduk gozokiak banatuko dituzte, 17:00etatik 18:00etara. Udal Ludotekan ginkana egingo dute barikuan, eta zapaturako, pintxo beldurgarrien lehiaketa antolatu dute. Ekintza horietan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da izena emanda egotea.

Iazko Gaba Beltza, bideoan: