0 eta 5 urte arteko umeen emozioak ezagutzeko tailerra emango duzu. Zer azalduko duzu, zehazki, saio horietan?
Haurren eta helduen emozioetan laguntzeko bidelaguntza-prozesuak egiten ditut, eta Elgoibarko hiru saioetan ere hori landuko dugu. Saio independenteak izango dira; hala ere, segida izango dute, baina ez da derrigorrez hiru saioetan parte hartu behar edukiak barneratzeko.
Zein da prestakuntza-saioaren helburu nagusia?
Haurren emozioak ulertzeko eta haien bidelagun izateko lanketa egingo dugu. Haurrak sentitzen duenari lekua ematen ikastea izango da helburua. Nik sekula ez dut hitz egiten haurren emozioak kudeatzeari buruz; nik erabiltzen dudan terminoa bidelaguna da. Kudeatzea produktibitateari lotuta dago, eta kudeatze horretan haurren emozioak tapatu egiten dira; ez dira baimentzen. Bidelaguna izateak, aldiz, esan nahi du umearekin egon behar dudala; lagundu egin behar diodala, alegia. Egitetik egotera pasatu behar dugu; izan ere, lanketa produktibitateari lotuta egiten badugu, ez dugu umea zaintzen. Ez umea, eta ezta gu ere. Historikoki erakutsi digute emozio batzuk ezin ditugula sentitu, eta kultura hori oso barneratuta daukagu. Ondorioz, oharkabean bada ere, gure jokabideekin sentimendu asko ezeztatu edo debekatu egiten ditugu. Prestakuntzan saiatuko gara emozioak baimentzen ikasten. Laguntze-prozesu horrek helduen emozioak ere ukituko ditu, jakina.
Umeen emozioak ulertu ahal izateko, helduenak ere kontuan hartu beharko dira, ezta?
Bai; haurren emozioak laguntze horretan, askotan, helduen ezintasunak agertzen dira. Umeen emozio horiek helduengan eragin handia dute, eta hor agertzen dira nagusien emozioak. Ikasiko dugu gurasoen emozioekin zer egin daitekeen. Askotan, umeen emozioetan zentratzen gara, eta gureak ahaztu egiten zaizkigu. Nire esperientziak erakutsi dit ez baditugu gure emozioak zaintzen ezingo garela umeen bidelagun izan; ezingo ditugu behar duten moduan zaindu. Garrantzitsuena da gure emozioen kontzientzia hartzea, eta konturatzea, askotan, umeengan jartzen ditugun emozioak gureak direla, eta ez haienak.
Presaka bizi garen gizarte honetan, posible da hori guztia ikastea eta praktikan jartzea?
Askotan, errazena izango litzateke teknika bat erostea, baina ez dago denerako balio duen tresnarik. Arraina ematen badizut, afaldu egingo duzu egun horretan, baina arrantzan irakasten badizut, egunero afalduko duzu. Askoz garrantzitsuagoa da arrantzan ikastea, ez baitago mundu guztiari balio dion tresnarik. Nik zer behar dudan eta nire umeak zer behar duen kontuan hartuta, norberak behar duena bilatzea da bizitzarako baliagarriena.
Nolako saioak izango dira?
Informazio nahikoa daukagu gaur egun, eta nik ez dut jendea aspertu nahi beste informazio pila batekin. Saio praktikoak izango dira, kontzientzia eta agentzia garatzeko: kontzientzia da ohartzea; eta agentzia-k esan nahi du kontzientzia horren ardura hartzea. Norberak izan behar du bere bizitzaren agentea. Horretan asko laguntzen du zerk ez digun laguntzen jakiteak. Guztion artean landuko ditugu emozioak, hausnartuz eta kasu praktikoak landuz.