Gaba Beltzeko ekintzen barruan, familian gozatzeko Ama, amama, mamuak! antzerkia programatu du Elgoibarko Udalak domekarako. Arimen Gaua dauka obrak oinarrian: Martinen amama hil ondoren, Arimen Gaua hurbiltzean, haren barruko mamuak handitu eta galdera bat sortuko zaio buruan: "Non dago amama gau honetan?". Orduan, hildakoen eta bizidunen arteko abentura bati ekingo dio mutikoak.
55 minutu irauten du eta, besteak beste, laguntasuna, familia, heriotza eta halako gaiak jorratzen ditu. Sarrerak aurrez erosteko, herrikoantzokia.eus webgunera jo daiteke, eta, bestela, egunean bertan ere salduko dituzte, emanaldia hasi aurretik. 16:30ean izango da antzerkia.
SARREREN ZOZKETA
Elgoibarko Udal Ludotekak antzezlanerako sarrerak zozkatuko ditu, Ludotekan izena emanda dauden umeen artean. Bost sarrera bikoitz izango dira.
Zozketan parte hartzeko, «GABA BELTZA» eta haurraren izen-abizenak bidali beharko dira WhatsApp bidez, Ludotekako zenbakira: 656 74 07 93.
Mezuak 14:30ak arte bidali ahal izango dira, eta 15:00etan jakinaraziko dituzte irabazleen izenak. Sarrerak jasotzeko, Ludotekara joan beharko dute saridunek, 15:00etatik 18:00etara.