Fermin Lazkano hautatu dute Kutxa Fundazioko presidente

Asier Orbea Ostolaza

Fermin Lazkano Txankakoako zubian. Argazkia: EH Bildu Elgoibar.

Kutxa Fundazioko patronoek urriaren 22an egindako saioan berretsi zuten patronatuaren aldaketa, eta Elgoibarko bizilagun Fermin Lazkano Perez bergararra hautatu zuten datozen lau urteetan fundazioko presidente izateko.

Lazkanok Rafael Amasorrain bergararra ordezkatuko du karguan. EH Bilduk proposatutako hautagaia izan da Lazkano, EAJren eta PSE-EEren adostasunarekin. Era berean, Donostiako Udaleko ordezkaria den Miren Azkarate izango da lehen presidenteordea eta David Garcia, bigarren presidenteordea. 

Kutxa Fundazioaren gobernu-organo nagusia zuzentzeko ardura hartu duten lagunek interes publikoko ekimenak garatzen ibilbide luzea dutela azpimarratu du Fundazioak, "analisi ekonomikoan, kudeaketa ekonomiko-finantzarioan, enpresa-kudeaketan, esparru akademikoan, kulturalean eta instituzionalean, eta interes publikoko ekimenak garatzean egindako ibilbide luzea dute, eta fundazioa gidatzeko ardura hori beraien gain hartzen dute, Kutxa Fundazioak gizarte-eraldaketako eragile gisa duen zeregina indartzen jarraitzeko, gipuzkoar guztien ongizateari, gizarte-kohesioari eta aukerak sortzeari laguntzen dioten ekimenak bultzatuz". Haien lehendakaritzapean, Fundazioak etapa berri bati ekingo diola ere nabarmendu dute, hain zuzen ere, kulturarekin, hezkuntzarekin, zientziarekin, pentsamendu kritikoarekin eta lurraldeko talentua babestearekin duen konpromisoaren jarraipenak markatutako etapari.

Kutxa Fundazioak hil honetan amaituko du bere Patronatua berritzeko ohiko prozesua, bere estatutuetan aurreikusitakoaren arabera eta 2014an banku-fundazio bihurtu zenetik Fundazioak indarrean eduki duen gobernantza-ereduaren barruan.

Lazkanori dagokionez, Kutxa Fundazioan urte luzeko ibilbidea garatu du, eta 2022az geroztik da patronatuko ordezkari. Fundazioak zehaztu du esperientzia duela analisi ekonomikoan, enpresa-kudeaketan eta gobernu-organoetan. Izan ere, Lazkano fundazioko makina-erremintako formakuntza teknikoan aritu zen 2008tik 2022ra arte. Arlo politikoan, 2023ko udal hauteskundeetan EH Bilduko zerrendakidea izan zen Elgoibarren.