Gure Bide elkarteak 1960. urtean antolatu zuen ziklo-kros proba gogoan, Besa CX Elgoibar ziklo-kros probaren estreinako edizioa antolatu zuen iaz Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolak, eta gogo eta ilusio handiarekin hasi zuten txirrindularitzako modalitate hau berreskuratu eta sustatzeko hasitako bidea. (Aitor Hernandez eta Ainara Elbusto izan ziren lehen irabazleak)
UCI C2 kategoria
Azaroaren 21ean jokatuko dute lasterketaren bigarren ekitaldia, eta berritasunak aurreratu dituzte antolatzaileek. Batetik, nazioarteko izaera izango du, UCI C2 kategoria eskuratu baitu. Bestetik, IparKopa Cx Laboral Kutxa txapelketarako proba puntuagarria izango da. Elgoibarkoarekin batera, Urduñan eta Muskizen jokatzen dituzten nazioarteko ziklo-kros lasterketek osatuko dute lehen aldiz antolatu duten kopa.
Iparkopa CX txapelketaren aurkezpena
Astelehenean aurkeztu zuten, Urduñan, IparKopa Cx Laboral Kutxa Kopa, hain justu, Urduñan jokatuko baitute Kopako zein Euskadiko ziklo-kros denboraldiko aurreneko lasterketa izango dena, domekan, azaroaren 1ean. Muskizeko eta Elgoibarko ziklo-krosetako ordezkariak -Sergio Rodriguez; goiko argazkian ezkerretik bigarrena- ere izan ziren Urduñako aurkezpenean. Muskizekoa azaroaren 7an jokatuko dute.
Aurkezpenean azaldu zutenez, Urduñako, Muskizeko eta Elgoibarko ziklo-krosetako antolatzaileek "mimo handiz" zaindu nahi dute modalitatea, eta UCIk eskatzen dizkien eskakizunak betetzeaz gain, nazioarteko erakundeak ezartzen dituen arau berrietara egokitutako lasterketak prestatzen ari dira. Hainbat baldintza bete behar dituzte, besteak beste, "Markajea ezin hobea izan behar da, zirkuituek haiek eskatutako baldintzetara egokituta egon behar dute, aparkaleku handiak eduki eta lasterketak streaming bidez zuzenean eman. "Hiru lasterketek dena prest dute eskatzen zaien aurrera pauso hori eman ahal izateko", adierazi zuten Urduñako agerraldian. Eliteko lasterketez gainera, beheko mailetako kategoriakoak sustatzeko lanean jarraituko dutela ere gogora ekarri zuten. Haiek ere eszenatoki berean jokatuko dituzte, egokitzapen batzuek eginda.

