Olaizaga kiroldegian dagoen rokodromoa osatuko du Toletxe kaleko 21. zenbakiko nabe batean eraikiko dutenak. Hain justu, Izpi tailerra egon zen lokalean eraikiko dute, petankan aritzeko gunearen parean.
Olaizagako rokodromoak duen boulderrean aritzeko zatia (eskuinaldean) txiki geratu dela uste dute herriko eskalatzaileek, eta Toletxen eraikiko dutena eskaladako modalitate horretan aritzekoa izango da, oso osoan. Boulderra altuera txikiko hormetan edo haitzetan (orokorrean 2-3 metrotik hasi eta 8-10 metrokoetara gehienez), egiten den eskalada modalitatea da. Sokarik eta arnesik gabe praktikatzen da, lurrean babes-koltxoiak ipinita, crashpad deiturikoak. Azken urteetan hedapen handia izan duen modalitatea da, eta han hemen zabaldu dituzte Elgoibarren egitekoak direnaren antzerako instalazioak, pribatuak zein publikoak.
Akordioa
Lokala egokitzeko akordio batera iritsi dira Morkaikoko eskalada taldea eta Elgoibarko Udalak, eta horri esker, 100.000 euroko hasierako aurrekontua edukiko dute lokala egokitu eta boulderra sortzeko. Danobatgroup kooperatibak jarriko du aurrekontuaren erdia.
Dagoeneko egina dute boulderrak izango duen itxuraren diseinua (beherago ikus ditzakezue irudiak), eta aurreratu dutenez, auzolanean egin nahi dituzte boulder berria eraikitzeko lanak.
Bazkide kanpaina
Hainbat bilera egin dituzte gaiaren inguruan, eta egin zuten azkenengoan 60 lagunetik gora elkartu ziren. "Herrian eskaladarako interesa dagoela uste dugu, baina zenbat eta talde handiagoa eta sendoagoa izan, baliabide handiagoak izango ditugu, horregatik erabaki dugu talde gisa eratzea", azaldu dute, eta Morkaiko mendi taldearen barruan topatu dute babesa. Horregatik jarri dute martxan bazkide kanpaina.
- Bazkidetzarako xehetasun edo informazio gehiago nahi duen orok hurrengo helbidera idatzi dezake: morkaikoeskalada@gmail.com
Morkaiko eskalada taldekoek lagatako ondorengo irudietan ikus daiteke Toletxeko boulder guneak izango duen diseinua:





