Mahaian izatea egokitu zaienei telefonoz hots egingo dieten arren, Elgoibarko Udalaren webgunean kontsulta daiteke zozketaren emaitza. Horretarako, esteka honetan eskuragarri dagoen formularioan eskatzen diren datuak sartu behar dira.
*Dirudienez arazoak daude orria kargatzeko, beharbada lagun asko ariko direlako aldi berean sartu nahian
Hauteskunde-mahaiak mahaiburu batek eta bi kidek osatzen dituzte, baina kargu bakoitzerako bi ordezko ere badaude, eta, beraz, zozketaren bidez bederatzi pertsona izendatzen dira mahai bakoitzeko.
Kideak zozketa bidez aukeratu dituzte, mahaian erroldatutako pertsona guztien artean. Zehazki, idazten eta irakurtzen dakiten eta 70 urte baino gutxiago dituzten hautesleen artean egingo da, baina 65 urtetik gorakoek uko egin diezaiokete, zazpi eguneko epean.
Gainera, mahaiburu izateko, Batxilergo titulua edo bigarren mailako lanbide heziketako titulua edo, halakorik ezean, eskola graduatua edo baliokidea behar da.
Zozketa eginda, izendatutako pertsonak, hauteskunde batzordearen bitartez, eskabideak egiten has daitezke mahaian ez egoteko. Batzordeak eskaera horiek onartzen baditu, hurrengo ordezkariak izendatuko dira.
Mahaian parte hartzeko aukeratutakoek 75 euro jasoko dituzte dieta gisa. Halaber, egun horretan ordaindutako baimena izateko eskubidea izango dute, lan egitea tokatzen bazaie, eta hurrengo egunean lanaldia bost ordu murrizteko eskubidea.