Txiki Egunari buruzko argazki-liburuan lekurik ez duten 1.200 argazki herritarren eskura jarriko ditu Eduardo Arrillagak

Asier Orbea Ostolaza

Eduardo Arrillagak herritarren eskura jarriko dituen Txiki Eguneko 1.200 argazkietako bat. E.A.

Eduardo Arrillagak argazki liburu batean jaso nahi du Txiki Egunaren esentzia, eta lan horretan daramatza hamazortzi urte. Erretratatuek beti galdetzen ei diote noiz ikusi ahal izango dituzten haiei ateratako argazkiak. "Bada, heldu da eguna emandako hitza betetzeko", dio, “Agindutako 1.000 erretratuak” izeneko erakusketaren harira.

Txiki Egunari buruzko argazki-liburua dagoeneko prest duela azaldu du argazkilari elgoibartarrak. "Lana egina eta maketatua dago, baina liburua gauzatu eta kaleratu ahal izateko babesle bat behar dugu".

Bien bitartean, erakusketa txiki bat antolatzea erabaki du, eta herritarren eskura jarri liburuan leku faltagatik sartu ezin izan dituen irudiak. "Libururako 90 bat argazki aukeratu ditut, eta han lekurik ez duten 1.200 aukeratu ditut herritarrekin dudan zorra kitatzeko. Argazki horien artean ziur badaudela argazkia atera eta noiz ikusiko zuten galde egin izan didan makina bat festazale. Bada neska bat, adibidez, dagoeneko emakume heldua dena, duela 34 urteko Txiki Egunean argazkia atera niona, Maalan zegoen iturri-potzu baten barruan, eta urtero gogoratzen dit ikusteko gogoz dagoela. Hari ere ailegatu zaio horrenbeste esperotako irudia ikusteko ordua", azaldu du. 

Argazkiak QR bidez

Arrillagak eguazten honetan, azaroaren 4an, aurkeztu eta inauguratuko du Agindutako 1.000 erretratuak izeneko erakusketa, Pilon hanburgeserian, 19:00etatik aurrera. Luntxa ere egingo dute aurkezpenaren ostean. Eguaztenetik aurrera Pilonen bertan ikusgai egongo da erakusketa, hilabetez. Hogei poster jarriko ditu, bakoitza argazkiak ateratzen ibili den urte bakoitzeko argazki sortarekin osatua. Bi poster berezi ere prestatu ditu, orokorra bata eta Txiki Eguneko arima den Mauxitxa txarangari eskainia bestea.
Mauxitxari haiek ageri diren 200 argazki oparitzeko asmoa ere badu.
Era berean, erakusketak formatu birtuala ere edukiko du, posterrez gain, aurrez aipaturiko 1.200 argazkiz osatutako bilduma ikusi eta jaisteko aukera izango baita, QR kode baten bidez.

3.000 argazki Txiki Egun bakoitzean

Eduardo Arrillagak milaka argazki atera ditu Txiki Egunean. 1992an hasi zuen Txiki Egunari buruzko argazki-liburua ontzeko proiektua, hain justu sokamuturrari buruzkoa hasi zuen urte berean (Sokamuturra liburua 2010ean kalreratu zuen, hamar urtez argazkiak ateratzen jardun eta gero).

Halere, Txiki Eguna irudietan jasotzeko ahalegin horretan, lehen urte hartan argazkiak ateratzen ibili ostean, hamabost urteko etena egin zuen gero, motzean esateko, gazte harrapatu zuelako bere buruari jarritako erronkak, eta nahiago izan zuen lagunekin jaiaz gozatzea kamera hartuta besteen poza jasotzen ibiltzea baino. Hala, 2007an heldu zion berriro egitasmoari. Harrezkero, urtero ibili da Txiki Egunean klik eta klik argazkiak atera eta atera. Behin bakarrik huts egin zuen, patinekin izandako istripu batetik errekuperatzen ari zela-eta. 2014an kamera digitalekin hasi zenetik, batez-beste urtero 3.000 argazki atera dituela kalkulatzen du, hau da, 50.000 argazki inguru, "edo gehiago ziurrenik". Eta, horri aurrez kamera analogikoekin atera zituen argazkiak gehitu behar zaizkio.

Eduardo Arrillaga Mauxitxa txarangakoei argazkia ateratzen Txiki Egun batean. BARRENA

Mauxitxa txarangakoak Txiki Egun batean. Argazkia: Eduardo Arrillaga.