Elgoibarko Udal Gobernuak 27.495.787,13 euroko aurrekontua aurkeztu du 2027rako; iazko hasierako aurrekontua baino %17,36 handiagoa –4.068.110,93 euro gehiago– eta iazko behin betiko arrekontua baino %7,75 handiagoa –1.977.839,51 euro gehiago–. Azaroan zehar udal taldeen arteko bilerak egingo dituztela aurreratu dute, proposamena lantzeko, eta azaroaren 24ko osoko bilkuran bozkatuko dute behin betiko aurrekontua.
Gastuak, arloka
Antolakuntzak %12,41eko igoera izango du, Herritartasunak %24,14koa eta Lurraldeak %14,60koa. Lurraldeko igoeraren zati handi bat Eulogio Estarta (Sigma) auzoko urbanizazio lanei, Errezabal egoitzako parkingaren obrei eta Usetxe Plaza proiektuari lotuta dago.
Sailka, hauek dira proposatutako igoerak: Kultura, %58,44; Berdintasuna, %31,61; Euskara, %23,85; Sustapena, %23,92; Gazteria, %18,84; Hirigintza, %14,60; Kirola, %12,53; eta Ongizatea, %4,11.
Gastu motaren arabera, bestalde, pertsonal-gastuak %5 inguru igoko dira; gastu arruntak, %3,52; eta inbertsioak, %128.
Inbertsio garrantzitsuenak
Inbertsioen atalak jasoko du 2027an ere diru kopururik handiena, eta, hain zuzen, hauek dira garrantzitsuenak:
- Errezabal egoitza: 1.500.000.
- Usetxeko obra: 1.112.724,52.
- Sigmaren urbanizazioaren bigarren fasea: 500.000.
- Altzolako saneamendua: 450.000 –2028an jarraipena–.
- Herri-bideen konponketa: 425.000.
- Kirol-ekipamenduak: 410.000 –atletismo pista berria eta eskalada praktikatzeko espazio berria–.
- Landa-auzoetako inbertsioak: 320.000.
- Higiezinen konponketak: 237.800.
- Arriagako sarbidea: 150.000.
Inbertsioak finantzatzeko kapital-transferentziak %211,79 haziko dira: 2026an 1,36 milioi euro ziren eta 2027an 4,81 milioi izango dira. Igoera hori jarduera zehatzetarako dirulaguntzei lotuta dago; besteak beste, Usetxeko obrei eta Eulogio Estarta Etxebizitzen (Sigma) berritzearen bigarren faseari, eta Gipuzkoako Uren 850.000 euroko ekarpenari.
Errezabal egoitzaren inguruko obrek, berriz, "nabarmen" handituko dituzte eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren diru-sarrerak. Azaldu dutenez, baliabide horiek helburu zehatza dute, eta ezin dira ohiko diru-sarreratzat hartu. Diru-sarrera horiek erakundeen arteko lankidetzaren isla direla zehaztu dute. Era berean, udal aurrekontutik kanpo, beste administrazio eta erakunde batzuek Elgoibarren sustatzen dituzten inbertsioek 43 milioi eurotik gorako bolumena dute. Azkenik, 2026an 1,33 milioi euroko mailegua aurreikusi zuten, eta datorren urteko aurrekontuak ez du mailegurik jasotzen.
Beste batzuk
Zerbitzu publikoen alorrean, herritarren egunerokoan eragin zuzena dutenak "sendotzea" du helburu Udal Gobernuak. Horrela, liburutegi zerbitzua larunbatetan irekita egongo da, eta Mintxetako muskulazio-gelaren ordutegia zabaldu egingo dute, erabiltzaileen eskaerei erantzuteko. Horrekin batera, gaztelekuan bidelagun figura sortuko dute. Udalaren modernizazio-prozesuak ere jarraipena izango du 2027an, "eraginkortasuna eta herritarrekiko komunikazioa" hobetzeko. Horretarako, pantaila digitalen hobekuntzan eta udal webgune berriaren garapenean aurrera egiteko asmoa azaldu dute.
Horrez gain, Gizarte Zerbitzuetan proposamenak hainbat ildo nagusi jorratzen ditu: alde batetik, etxez etxeko laguntza-zerbitzua eta Eguneko Zentroa lizitatuko dituzte, bazterketa-arriskuaren aurkako partida handitu egingo dute eta Loratzen programaren aldeko apustua sendotu egingo dute, ongizate emozionalaren prebentzio-lanean sakontzeko.
Azkenik, proposamenak handitu egiten ditu ikuskizun eszenikoen, herriko jaien eta auzo-jaien partidak, baita EMUDAFEri emandako dirulaguntza ere. Gobernuak esan duenez, helburua da Elgoibarko kultura eta herri-ekimena indartzea eta herriko bizitza sozialari bide berria ematea.
Udal Gobernuak jakinarazi du aurrekontu-proposamena udalbatzako gainerako taldeekin "modu irekian, arduratsuan eta behar besteko denborarekin" lantzeko borondatea duela. Horretarako, azaroan bilerak egingo dituzte.
