Beldur Barik lehiaketaren tokiko edizioa antolatu du Elgoibarko Udalak

Ainhoa Andonegi Alonso

Elgoibarko Udalak Beldur Barik lehiaketaren tokiko edizioa antolatu du aurten, estreinakoz, eta Udalak Euskal Herriko lehiaketako diru kopuru berarekin sarituko ditu elgoibartar gazteek edo Elgoibarko ikastetxeetako ikasleek aurkeztutako lanik onenak, adin-kategoria bakoitzean.

Beldur Barik programak euskal gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea du helburu, eta aurten XVII. aldia beteko du. Emakundek, Eudelek eta hiru foru aldundiek antolatzen dute, Hezkuntza Sailaren, Gazteria Zuzendaritzaren, EHUren eta EITBren laguntzarekin. Gazteekin hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatu nahi ditu, berdintasunarekiko eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzarekiko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakusteko.

Programaren ardatza ikus-entzunezko lehiaketa da, eta, ondoren, topaketa eta sari banaketa egiten dira. Aurtengo, topaketa Elgoibarren egingo dute. Lehiaketan 10 eta 20 urte bitarteko gazteek har dezakete parte, hiru adin-tartetan: 10-11 urte, 12-15 urte eta 16-20 urte. Kategoria bakoitzean lan indibidualak zein kolektiboak aurkez daitezke, eta sariak 200 eta 650 euro bitartekoak dira. Bideoak abenduaren 1era arte aurkeztu daitezke, www.beldurbarik.eus webgunean.