Gorroto-diskurtsoak eta narratiba diskriminatzaileak gero eta presentzia handiagoa dute ingurune digitalean. Horien aurrean, zer aukera eskaintzen ditu indarrean dagoen legediak? Noraino mugatu daitezke plataforma digitalen bidez zabaltzen diren mezu horiek, eta zer egin dezakegu herritarrok haiei aurre egiteko?
Galdera horiei erantzuteko, Iker Lauzirika EHUko Zuzenbide Fakultateko Konstituzio eta Europar Batasuneko Zuzenbideko doktoregaiak hitzaldi-solasaldia emango du Zientziaren Ertzetik dibulgazio-zikloaren barruan. Saioan, gorroto-diskurtsoak arautzeak dakartzan erronkak eta aukerak aztertuko ditu, egungo araudia azalduz eta zuzenbideak egoera hori hobetzeko duen gaitasunari buruzko hausnarketa kritikoa eginez.
Jarduera hau EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Durangoko Liburutegiak antolatutako zikloaren 2026/2027 ikasturteko bigarren hitzaldia da. Denboraldi honetan, gorroto-diskurtsoen jatorria, identifikatzeko moduak, gizartean duten eragina eta haiei aurre egiteko estrategiak izango dituzte hizpide aipaturiko zikloan. Lehenengo hitzaldia, “Gorroto-delituak: kontzeptua eta gaurko errealitatea” izenekoa, EHUko Zuzenbide Penaleko katedradun Jon-Mirena Landak eman zuen, YouTuben ikus daiteke.
- Iker Lauzirikaren hitzaldi-solasaldia azaroaren 6an, ostiralean, izango da, 18:30ean, Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan. Ekitaldia euskeraz izango da.
Streaming bidezko emisioa izango du EITB (ETB ON) eta Katedratik (tiktok).
Hizlaria
Iker Lauzirika Ansola Zuzenbidean graduatua da EHUn, eta Abokatutza masterra egin du Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Gaur egun, doktoregaia da EHUko Zuzenbide Fakultatean, Konstituzio eta Europar Batasuneko Zuzenbidearen arloan. Bere tesian, adimen artifizial sortzaileko sistemei buruzko informazioa jasotzeko herritarrek duten eskubidea ikertzen du. Bere ikerketa-lanaren barruan, plataforma digitaletan pluralismoa, desinformazioa eta gorroto-diskurtsoak nola arautu beharko liratekeen ere aztertzen du.
Aurrekoez gainera, BARRENAko komunitateko kidea eta iritzi emalea ere bada.