Errezabal egoitzari buruzko bilera azaroaren 10ean

Ainhoa Andonegi Alonso

Elgoibarko Udalak bilera egingo du Urazandiko bizilagunekin Errezabal egoitzaren berri emateko. 

Azaroaren 10ean egingo dute, 19:00etan, Jubilatuen Biltokiko erabilera askotariko gelan.

Udalak obraren egungo egoera eta hurrengo urratsak zeintzuk izango diren azalduko du bileran, eta, horrez gain, auzotarrek dituzten zalantzak eta ekarpenak jasoko ditu. Azaldu dutenez, bileraren helburua da informazioa zuzenean partekatzea, zalantzak eta ekarpenak jasotzea eta horiek proiektuan eta auzoan izan ditzaketen eraginak kontuan hartzea.

Errezabal proiektua estrategikoa da Udalarentzat: "Elgoibarrentzat eta eskualdearentzat garrantzitsua, eta udalerriko hiri-eraldaketarekin lotutako jarduketa nagusietako bat", adierazi dute. Hortaz, Urazandiko auzotar guztiak gonbidatu dituzte.