ELKARRIZKETA

Ana Isabel Escriche: "Altzolako bainuetxera etortzen ziren emakumeei izen-abizenak jarri dizkiet liburuan"

Ainhoa Andonegi Alonso

Ana Isabel Escriche.

Ana Isabel Escrichek Lo que el Agua recuerda: Mujeres en el Balneario liburua aurkeztu du, iturburuaren aurkikuntzaren 250. urteurrenean. 

Ana Isabel Escriche (Bartzelona, 1972) bidaia-blogaria, idazlea, argazkilaria eta eduki-sortzailea da. Bidaietan berebiziko garrantzia ematen dio urari, eta konturatu da zeinen zorionekoak garen iturria ireki eta ura irteten den herrialdeetan. Kasualitatez ezagutu zuen Altzola, eta liluratuta geratu zen. Alzola Basque Water enpresaren enbaxadore izendatu zuten, eta enpresaren sare sozialez arduratzen da gaur egun. Iturburuaren 250. urteurrenaren harira, liburu bat sortu du, bainuetxera etortzen ziren emakumeak ezagutzera emateko. Gaur aurkeztuko du liburua, Aita Agirre kulturgunean. 

Nola ezagutu zenuen Altzola?

Bidaiaria naiz, eta egiten ditudan bidaien berri ematen dut blog batean, bereziki erakutsi nahi nuelako mundua ez dela arriskutsua. Askotan saltzen digute ideia hori, eta komunikabideek sarri zabaltzen duten mezua da. Ezagutzen ez denak beldurra ematen du, eta nik ezagutarazi nahi nituen ezagutzen nituen lekuak, beti oso esperientzia onak izan ditudalako. Horrez gain, bidaietan modu berezian ikusi izan dut ura. Indian, esaterako, buru gainean garraiatzen dute ura emakumeek; Kanbodian umeak iturri publikoetan ikusi izan ditut garbitzen... Konturatu nintzen hemen zorionekoak garela, ura daukagulako. Horretan ari nintzela, Blog on branks webgunean Altzolako uraren berri izan nuen. 2013. urtea zela uste dut, eta Altzolako Urak enpresa gainbeheran zegoen. Blog horretan inskribatu zen enpresa: doakoa zen, eta han izena ematen zutenen berri ematen zuen arduradunak. Ur botilak eskaintzen zituen Altzolak, produktuaren berri ematearen truke. Harremanetan jarri nintzen haiekin, eta etxera bidali zizkidaten ur botilak. Eskatzen zidatena zen sare sozialetan Altzolako uraren berri ematea. 

Ur botilak jaso zenituenean, zer sentitu zenuen?

Harremana berezia izan zen paketea jaso nuen unetik bertatik. Hauskorra jartzen zuen kaxan, letra handiz. Kristalezko botila polit batzuk jarri zizkidaten, eta kontuz zaindu beharrekoa zen paketea. Urari eta Altzolari buruzko informazio pila bat ere bidali zidaten, eta gehien harritu ninduena Altzolako urak lurpean egiten duen 25 urteko bidaia izan zen. Ni bidaiaria, eta Altzolako ura ere bai! Berehala konektatu genuen.  

Gogoratzen duzu egin zenuen lehen artikulua zeri buruzkoa izan zen? 

Bai. Altzolak daukan berezitasunetik idatzi nuen artikulua, eta nabarmendu nuen herrialde garatuetan daukagun zortea, iturria zabaltzen dugunean ura irteten delako. Ur edangarria, kalitatezkoa eta ona. Kontatu nuen beste herrialde batzuetan umeak ezin direla eskolara joan ere, ur bila pasatzen dutelako eguna. Horrez gain, Altzolak beti eman izan dio garrantzia iturburuak garbi mantentzeari, eta gai horri ere egin nion aipamena. Askotan, ez gara konturatzen iturburua kutsatzen bada ez dagoela berreskuratzerik; kutsatutako iturburua hil egiten da. 

Noiz eta nola etorri zinen estreinakoz Altzolara?

Sare sozialetan ikusi nuen argazki lehiaketa bat antolatu zutela, eta parte hartzea erabaki nuen. Oraindik baneukan ur botilaren bat etxean, eta argazki artistiko bat egin nuen. Zuhaitz lehor baten adarra hartu nuen, eta ur botilak jarri nituen alboan. Irudikatu nahi nuen lehortearen eta ura edukitzearen arteko kontrastea. Filtro batzuk aplikatu nizkion argazkiari, eta bidali egin nuen. Hiru argazki saritu zituzten; bat, nirea. Saria berezia zen: nire pisua emango zidaten, ur-litrotan. Baina ez zuen balio nik esatea zenbat pisatzen nuen, ez; Altzolara etorri, eta bertan pisatu ninduten. Altzolarekin maiteminduta geratu nintzen. Enpresa erakutsi zidaten, lantaldea ezagutu nuen, bainuetxeko historia guztia azaldu zidaten, eta, ikusi nuenean garai hartako bainuetxetik geratzen den apurra, liluratu egin nintzen. Jaso nuen informazio hura guztia munduari kontatu egin behar zitzaiola esaten nien arduradunei, eta ni neu hasi nintzen sare sozialetan Altzolaren berri ematen. Egiten nituen bidaia guztietara eramaten nuen Altzolako ur botilaren bat, eta toki guztietan ateratzen nituen argazkiak, Altzola munduan zehar ezagutzera emateko. Horren harira, Alzola Basque Waterreko enbaxadore izendatu ninduten, eta gaur egun sare sozialen arduraduna naiz. Opari bat izan da lan hau. 

Urteurrena aitzakia hartuta, liburu bat idatzi duzu. Zertan datza?

2026a urte berezia da Altzolarentzat, iturburuaren aurkikuntzaren 250. urteurrena delako. Ospatzea erabaki genuen, eta liburu bat idaztea proposatu nuen. Ez da erraza garai hartako informazioa aurkitzea, eta, batetik zein bestetik tiraka ibili ostean, nahi genuena lortzen ez genuela ikusita, emakumeei leku egitea erabaki genuen. Aristokraziako jende asko etortzen zen Altzolara, baina denean gizonezkoen izenak agertzen ziren. Emakumeak beti ziren bataren edo bestearen emazteak, izenik izango ez balute bezala. Bainuetxera etortzen ziren 25 emakumeri jarri dizkiet izen-abizenak liburuan. Hain justu ere, Altzolako urak 25 urte egiten ditu lur azpian, Izarraitzetik Altzolara iristen den arte, eta guk ere 25 emakume bildu ditugu. Liburu arina da, norberak nahi duen ordenan irakurtzeko modukoa, eta, batez ere, humanoa da. Doan banatuko dugu liburua gaur arratsaldeko ekitaldian.