Altzola Basque Water enpresarentzat urte berezia izaten ari da 2026a, izan ere, aurten 250 urte bete baitira Altzolako uraren iturburua aurkitu zutenetik. Urtean zehar hainbat ekintza egin dituzte data horren harira, eta barikuan egin zuten urteurreneko ospakizun nagusia, Elgoibarko Aita Agirre kulturgunean. Altzolako bizilagun ugari bertaratu ziren ekitaldira, enpresako langileak eta baita unerik zailenetan ondoan izan dituzten beste hainbat lagun ere bai.
Patxi Casal enpresako nagusiak gidatu zuen ekitaldia. Bideo proiekzio batekin hasi zuten saioa: 2026tik 1776ra arteko bidaia irudikatu zuten bideoan, hain zuzen ere, gaurtik iturburua aurkitu zutenera artekoa. Irudi haietan azaldu zuten zer izan den Altzola, eta erakutsi zuten nolakoa zen Altzolako bainuetxea.
Segidan, Ana Isabel Escriche aurkeztu zuten, Altzolako enbaxadorea. Escriche kataluniarra da, bidaiaria eta urak atentzioa eman izan dio joan den herrialde guztietan. Urarekiko duen interes horri esker ezagutu zuen 2013. urte inguruan Altzolako ura. Garai hartan Altzola Basque Water ez zegoen unerik onenean, eta enpresa berpizteko saiakera batean jo zuten Escricherengana. Bidaiei buruzko bolg bat dauka Escriche, eta haren bidaiei esker Altzolako ura ezagutzera ematea zuten helburu enpresako arduradunek.
Urteekin harremana sendotuz joan zen, eta argazki lehiaketa bat antolatu zuten enpresak. Sarietako bat Escricheri eman zioten, eta hura izan zen elkar ezagutzeko arrazoia. Saria norberaren pisua ur litrotan zen, eta Altzolara etorri behar izan zuen Escrichek pisatzera. Maiteminduta geratu zen Altzolako historiarekin.
Urteurrenari lotuta, Recuerdos del agua: Mujeres del balneario liburua idatzi du Escrichek. Normalean gizonezkoak etortzen zirela Altzolara kontatu zuen aurkezpenean, eta erregistro gehienetan gizonezkoen izenak ageri omen dira. Emakumezkoak beti ziren baten edo bestearen emazteak, eta haiei egin nahi izan die aitortza. 25 emakumeri jarri dizkie izen-abizenak liburuan, hain justu ere, urak Izarraitzetik Altzolarako bidean lurpean egiten dituen urte bakoitzeko emakume bat.
GARBI
Liburuaren ostean, Xabier Artolozaga artista plentziarrak urteurrenaren harira sortu duen eskultura aurkeztu zuen: Garbi. Patxi Casalek ur botila baten irudia helarazi zion Artolozagari, eta Altzolako uraren historia irakurri ostean, izaki mitologiko bat sortzea bururatu zitzaion; ura 250 urtean garbi mantendu duen izakia, alegia. Sirena bat izan zitekeela egokiena pentsatu zuen, eta Garbi jarri zion izena. Plastikozko botilekin egin du eskultura.
OMENDUAK
Ekitaldiaren azken partean iturburuaren zaindariak omendu zituzten, bi multzotan bereiztuta. Batetik, gertu egon ez arren urteetan ondoan izan dituzten babesleei eman zizkieten eskerrak, tartean zegoen besteak beste Kepa Junkera musika, eta, bestetik, enpresako langile guztiei egin zieten aitortza. Omendu guztiek Garbi eskultura eta liburu bana jaso zituzten.
URAREN HISTORIA
1776. urtean aurkitu zuten hango uren iturburua. Negu gorria zen, eta, haur batzuk Deba ibaian bainua hartzen ari zirela, gune konkretu batean ur beroa irteten zela konturatu zen garai hartan Elgoibarko medikua zen Francisco Planzon. Berehala jabetu zen ez zela ustekabeko fenomeno bat, iturburu baten seinale garbia baizik.
Aurkikuntza haren garrantziaz jabetuta, Elgoibarko Udalari jakinarazi zion une hartan Alzola de Azpilcueta izeneko Gipuzkoako herrian sortzen zen ur hark aparteko balioa izan zezakeela. Jose Maria Urquia Echavek 1985ean argitaratutako Historia de los balnearios guipuzcoanos lanean dioenez, dastatze- eta indusketa-lanak geologo frantziar batzuek egin zituzten. Bi mende eta erdi pasatu dira aurkikuntza hartatik, eta Altzolako urak orduko propietate berei eusten die gaur egun ere.
Espeleologoek eta zientzialariek egindako ikerketen arabera, iturburuak duen altueragatik gertatzen da hori. Izan ere, Altzolako uren jatorria Izarraitz mendigunean dago, itsas mailatik mila metroko altueran eta itsasotik 12 kilometroko distantziara. Ondorioz, diotenez, 25 bat urteko bidaia egiten du ur horrek lurpean, Altzolara iritsi arte. Kareharrizko harkaitzek iragazki natural gisa funtzionatzen dute, eta, adituen arabera, horrek ematen dio urari kalitatea.
Etorkizuna aldatu zuen aurkikuntza
Iturburuaren aurkikuntzak erabat aldatu zuen Altzola. 1801. urtean ireki zituen ateak hango lehen bainuetxeak; garai hartan, Elgoibarko hiribilduaren jurisdikzioa zen Altzola. Eraikin diskretua zen, eta ondoren etorriko zen guztiaren oinarriak ezarri zituen. Bainuetxea iturburua azaleratzen zen lekuan bertan altxatu zuten, uraren jatorria eta azaleratze naturala errespetatuz. Mediku propioa zeukan Europako lehenengo bainuetxea izan zen.
1843an, Altzolako urak urrats garrantzitsua egin zuen, onura publikoko izendapena jaso zuen eta. Administrazioak propietate terapeutikoak aitortu zizkion ofizialki, eta adierazpen hark ur mineralen multzoan kokatu zuen Altzola.
1846an, Urberoaga bainuetxea inauguratu zuten; hitzak berak dioen bezala, iturburutik hartu zuen izena bainuetxeak, eta 1901ean zabaldu zituen ateak Gran Hotel Balneario hotelak. Bainuetxea izan zen urteetan herriaren motor ekonomikoa, eta garai batean hamaika hotel izan ziren Altzolan. 1893an, tren-geltokia jarri zuten martxan Altzolan, eta horrek areagotu egin zuen bisitarien etorrera. Goi-mailako aristokraziako jende asko etortzen zen Altzolako uren propietateak probatzera.
1976an itxi zuten bainuetxea, eta ura botilaratzeko instalazioak jarri zituzten bertan. Gaur egun, Alzola Basque Water izena dauka enpresak.