Adimen artifizialak kirol-kudeaketan eskaintzen dituen aukerak aztertzeko topaketa egingo dute Elgoibarren

Asier Orbea Ostolaza

Elgoibarren egingo dituzte XVI. Udal Kirol Politiken Topaketak, azaroaren 19an, 'Adimen Artifiziala eta Kirol Kudeaketa' izenburupean.

Adimen artifiziala udal-eremuan jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak diseinatzeko, kudeatzeko eta sustatzeko modua eraldatzen ari dela azaldu dute topaketa honen antolatzaileek: Elgoibarko Udala, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta KAIT. Diotenez, eremu profesionaletik edo elitetik harago, teknologia horrek aukera ugari ematen ditu erabiltzaile guztien esperientzia hobetzeko, baliabide publikoak optimizatzeko eta bizimodu aktiboagoa eta osasungarriagoa sustatzeko.

Jardunaldiaren ardatza adimen artifizialak kirol-kudeaketan eskaintzen dituen aukerak aztertzea izango da. Topaketak teknologia horren erabilerari eta udal-kirol zerbitzuen kudeaketarekin duen loturari buruz hausnartzeko aukera eskainiko die parte hartzaileei. "Jardunaldiak galdera argi bati helduko dio: nola pasa daiteke adimen artifiziala kirolean benetan aplikatzera. Horretarako, administrazioko, unibertsitateko, enpresa-munduko eta kirol-munduko ahotsak elkartuko dira Elgoibarren, udalerrietako kirol-politikak egiten dituztenek ikuspegi praktikoa eta eguneratua jaso dezaten", adierazi dute.

Udaletako kirol-arduradunei, kirol-kudeaketako profesionalei, kirol-teknikariei, ikertzaileei eta adimen artifizialak kirolaren arloan dituen aplikazioetan interesa duten pertsonei zuzenduta dago. Elgoibarko Udalak udalerrietako kirol-arduradunak eta sektoreko profesionalak parte hartzera eta izena ematera animatu ditu.

Elgoibarko Herriko Antzokian egingo dute topaketa, azaroaren 19an. 8:30etik 15:00etara. Doakoa den arren, aldez aurretik izena eman behar da, HEMEN.

Egitaraua:

  • 8:30ean ongietorria eta akreditazioak
  • 9:00etan aurkezpen ofiziala, Elgoibarko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta KAITen eskutik. 
  • 9:15ean, José Manuel Mato Fernándezek, Bilboko Udaleko Smart Data eta Zerbitzu Korporatiboen zuzendariordeak (BilbaoTIK), adimen artifiziala administrazioan duen lekuaren marko orokorra emango du. 
  • 10:00etan, adimen artifizialaren aplikazioak kirol-kudeaketan aztertuko dituzte Txus Cámarak (EHU, Sports Management Dashboarding), Gonzalo Pellejerok (TECH friendly, Active Running Cities), Patxi Luquek (FitLearning, chatbota) eta Aitor Jiménezek (Basconia - Alavés Group / LaLiga).
  • 12:00etan atsedena
  • 12:30ean Juanma Murua aholkulari, ikertzaile eta trebatzaileak — hirigintzan, ekonomian eta kirolean espezializatua— adimen artifiziala eta kirola ikuspegi enpirikotik aztertuko ditu, aplikazio praktikoei eta kirol-kudeaketarako inplikazioei buruzko hausnarketa eskainiz.
  • 13:30ean, kirol-sektoreko berrikuntza- eta aplikazio-esperientziak partekatuko dira, Sportek Hub, GSIC, Clupik eta Mondo erakundeen parte hartzearekin. 
  • 15:00etan saioaren amaiera.