Sintetizadore modularrak sortzeko ikastaroa emango du DJ Amsiak Elgoibarren

Ainhoa Andonegi Alonso

Elgoibarko Musikarien Elkarteak antolatuta, sintetizadore modularrak sortzeko ikastaroaren bigarren zatia emango du DJ Amsiak azaroaren 18an. 

Elgoibarko Musikarien Elkarteak iaz antolatu zuen sintetizadore modularrak sortzeko ikastaroa, eta haren segida izango da datorren astekoa. Eguaztenean izango da, azaroaren 18an, musika eskolan, 19:00etan. 

DJ Amsia (Javier Ucar Ramirez) euskal musika esperimental eta elektronikoaren underground eszenako figura esanguratsu eta beteranoenetako bat da; eta bakarkako ibilbidean zehar, minimalismoa,  abstrakzioa eta landa-grabaketak (field recordings) uztartu izan ditu. 

Horrez gain, ibilbide oparoa eta aitortua du hardware musikalaren eraikuntzan eta sintetizadore analogiko zein modularrak sortzeko tailerrak ematen.  Euskal Herriko txoko eta jaialdi ezberdinetan aritzen da irakasle eta bideratzaile lanetan, musika elektronikoaren azpiegitura teknikoa eta sorkuntza zabaltzeko. 

Sintetizadore Modular Kolektiboak sortzeko proiektua da bere ezagunenetako bat da. Azpeitiko Dinamoa sormen gunean (Kulturaz kooperatibaren eskutik) "Mikrouhinak" zikloaren barruan tailerrak eman ditu. Saio hauetan, partaideek modulu elektronikoak ulertzen, soldatzen eta muntatzen ikasten dute, ondoren modu kolektiboan erabiltzeko.