Indarkeria matxistaren kontrako programa antolatu dute Elgoibarren azarorako

Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna da azaroaren 25a, eta horren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte Elgoibarko eragileek azarorako.  

Elgoibarko eragileek hainbat ekitaldi antolatu dituzte azarorako, indarkeria matxistaren kontra.  Hausnarketa saioak, zinema, kontakizunak, antzerkia eta autodefentsa tailerra eta elkarretaratzea egingo dituzte, besteak beste, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte indarkeria matxistaren aurkako borrokan parte hartzera. 

Joan zen asteazkenean zabaldu zuten egitaraua Lilan izan zen, “Maitatu. Ongizate emozionala eta autozainketa” jardunaldiarekin. Datorren azaroaren 13an, ostiralean, 18:30ean,  “Querer” telesailari buruzko kafe-tertulia egingo dute Lilan, eta azaroaren 16an,  “Emakumeok bizi ditugun indarkeriak” gai hartuta hausnarketa saioa izango da, 18:00etan, Lilan.

Datorren astean, azaroaren 18an, “Yo te creo” filma emango dute Herriko Antzokian 21:00etan, Ongarri zineklubak antolatuta, eta hurrengo egunean,  “Los ecos que nos habitan” ipuin kontaketa saio izango da, helduentzat, Aita Agirren, 19:00etan.

Azaroaren 25a izango da egitarauko egun nagusia. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguneko elkarretaratzea egingo dute Kalegoen plazan, eta, 21:00etan,
 “Manas” filma proiektatuko dute Herriko Antzokian. Azaroaren 26an,   “Bost axola”  bakarrizketa eskainiko zaie Elgoibarko ikasleei Herriko Antzokian, eta hilaren 27an,  “Lolaren bizikleta” laburmetraiaren estreinaldia egingo dute 19:00etan, Herriko Antzokian. Euskaraz emango dute, gaztelaniazko azpitituluekin.

Egitarauari amaiera emateko emakumeentzako autodefentsa tailerra antolatu dute azaroaren 28rako. 9:30ean izango da, Olaizaga kiroldegian. 
 
Egitarau honen antolakuntzan Elgoibarko Udalaz gain, Olaizaga Kirol Taldeak, Gotzon Garate
Udal Liburutegiak, Ongarri Zine Klubak, Uluka Batukak, Haizeak eta LILA Elgoibarko
Emakumeen Etxeak hartu dute parte.