Biktimak gogora ekarri dituzte memoriaren egunean

Asier Orbea Ostolaza

Askotariko indarkerien biktimak omentzeko ekitaldia egin dute, gaur eguerdian, Elgoibarren, Giza Eskubideen parkean.

Memoriaren eguna da gaur, azaroak 10, Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Egun hau ez zen ausaz aukeratu: azaroaren 10a euskal terrorismoaren eta indarkeriaren historian terrorismoaren ondorioz hildako biktimarik izan ez den urteko egun bakarra delako hautatu zuten, bizikidetzaren eta giza eskubideen defentsaren ikur gisa.

Urtero legez, Elgoibarko Udalak antolatutako ekitaldia egin dute Elgoibarren. Bost minutuko elkarretaratze egin ostean, Gernikako Arbolaren kimua den haritzaren oinean lore sorta jarri dute biktimak oroitzeko. Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak ipini du lore sorta zuhaitzaren oinean, Mari Luz Rojo eta Maria Expositoren laguntzarekin.