Karakateko Igoeraren 32. ekitaldia jokatuko dute zapatuan

Asier Orbea Ostolaza

Dena prest dute Karakateko igoerarako, eta mendia bera ere udazken koloretan dago.

Zapatuan (azaroak 14) jokatuko dute Karakateko Igoera. 11:00etako kanpaiak jotzeaz batera irtengo dira korrikalariak Kalegoen plazako frontoitik, eta bakoitzak nahi duen bidetik, Karakate puntaraino igoko dira. Partaideek tontorrean dagoen puntu geodesikoa ikutzean hartuko dituzte denborak. Lau kilometroko ibilbidean 700 metro inguruko gorako desnibel positiboa gainditu beharko dute. Lehenengo gizonezkoak eta emakumezkoak, eta lehenengo emakume zein gizonezko elgoibartarrek izango dute saria, eta baita aurpegi onenarekin iristen den korrikalariak ere. Horrez gain, sari berezi bat ere banatuko dute: Morkaikokoek denborari begira saltaka egiten ez duten saltakariak ere Karakateko Igoeran parte hartzera animatu nahi dituzte, eta lehen sailkatuaren denbora bikoizten duen parte-hartzailea ere sarituko dute. "Denborara gehien hurbiltzen dena, pasatu gabe", zehaztu dute.

Izen ematea aldez aurretik, estreinakoz

Aurten, estreinakoz, izen ematea aldez aurretik egiteko aukera eman dute antolatzaileek, Kirolprobak-en bitartez. Halere, egunean bertan ere eman ahal izango da izena Kalegoen plazan, 09:00etatik 10:00etara bitartean. Antolatzaileek 125 partehartzailetan jarri dute muga.

Errekorrak

Iazko Karakateko Igoeran Hasier Murua elgoibartarra eta Irati Ortiz de Anda lezamarra izan ziren azkarrenak. Probako errekorra Iban Muruak ezarri zuen 2017an: 26 minutu eta 17 segundo. Emakumezkoetan Maite Maiorak du errekorra, 2016an ezarria: 31 minutu eta 37 segundoan.

 

•Azken urteetako irabazleak: