21 urteko gizon gazte bat hil da Azkarate gainean izandako auto istripu batean

Asier Orbea Ostolaza

Azkarate gaina. Arg Andoni Elduaien / GUKA

Bi autok aurrez aurre jo zuten bart gauean Azkarate gainean, eta Azkoitiko gizon bat hil da istripuaren ondorioz.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, ezbeharra GI-2634 errepidean gertatu zen atzo, Azkarate gainean, 22:20 inguruan. Ez dute zehaztu istripuaren puntua.

Ispripua izan zuten ibilgailuetako batean zihoan 21 urteko gaztea bertan hil zela jakinarazi du Ertzaintzak. Larrialdi zerbitzuak istripuaren gunean bertan saiatu ziren hura suspertzen, baina unean bertan hil zen.

Beste lau lagun ere zauritu ziren istripuan eta Mendaroko eta Donostiako ospitaletara eraman zituzten: hildakoaren auto berean zihoazen 31 eta 21 urteko beste bi gizon, eta beste autoko 20 urteko beste bi gizon gazte.

Istripuaren ondorioz erabat itxi behar izan zuten errepidea.

Azkarateko errepidean eta tunelean istripu larriak gertatu dira azken urteetan. 2023. urte amaieran bi lagun hil ziren Azkarateko tunel barruan gertaturiko auto istripuetan: Zaragozako bizilagun bat hil zen azaroaren 15ean gertatutako istripuan; eta, 23 urteko Elgoibarko bizilaguna hil zen abenduaren 15ean izandako ispripuan. Segurtasuna hobetzeko, tuneleko erreien konfigurazioa ere aldatu zuen Bide Azpiegituretako departamenduak.

Motor gidari bat ere hil zen 2021ean Elgoibar eta Azkarate arteko errepidean, eta Elgoibarko bizilagun bat ere hil zen 2017an izandako ezbeharrean.