Herritarrekin ospatu du Nualak desgaitasunaren nazioarteko eguna

Ainhoa Andonegi Alonso

Abenduaren 3an izaten da Desgaitasunaren Nazioarteko Eguna, eta horren harira, kalera irten ziren elkarteko kideak zapatuan, desgaitasuna ikusarazteko eta herritarrak sentsibilizatzeko. Elkarteak, 10 urte bete ditu aurten eta herritarrekin ospatu zuten. 

Nuala elkarteko kideak kalera irten ziren zapatuan, desgaitasuna ikusarazteko asmoz.  Nazioarteko desgaitasunaren aldarrikapen eguna abenduaren 3an ospatzen den arren, Nuala elkarteak aurretiaz ospatu du aurten. Ekitaldiaren helburua desgaitasuna duten pertsonen egunerokotasuna ikusaraztea eta herritarrak sentsibilizatzea izan zen. Herritarrek elkartearen jarduerei eta zerbitzuei buruzko informazioa jaso zuten informazio-guneetan, eta haurrek, berriz, jolas-eremuaz gozatzeko aukera izan zuten.  

10 urte bete ditu aurten elkarteak, eta Maialen Gurrutxaga alkateak oroigarri bat eman die arduradunei, herrian egiten duen lana aitortzeko. Elgoibarko Udalak eskerrak eman dizkie Nuala Elkarteari eta jardunaldian parte hartu duten herritar guztiei. Horrela, herri inklusiboago eta solidarioago baten aldeko konpromisoa berretsi du, desgaitasuna duten pertsonek herriko bizitzan parte-hartze osoa izan dezaten.

Era berean, San Antolingo jai batzordeko antolatzaileek ere egin dute Nualarentzako ekarpena, izan ere, aurtengo errifaren irabazleak ez dira agertu eta saritarako gordeta zituzten 500 euroak Nualari eman dizkiete.