Durangoko Azokan plazaratuko diren nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 63 liburu saltokitan izango dira eskuragarri, Gabonetako kanpaina amaitu arte. Gainera, 23 liburu aurkezpen egingo dira 21 saltokitan. Horietako bat bihar izango da: Elgoibarko Pitxintxu liburu-dendan Tonta eleberria aurkeztuko du Jasone Osoro idazle elgoibartarrak, 18:30ean. Erein argitaletxearekin argitaratu du liburua. Astelehenean egin zuen aurkezpena Donostian, eta bihar, Elgoibarren izango da. Abenduaren 7an, bestalde, Durangoko Azokan aurkeztuko du azken lan hori, eta liburuak sinatzen ere arituko da.
Nolakoa izan da azken eleberria sortzeko prozesua?
Hasierako kaosa hasi nuen garaia zehazki ez dut gogoratzen, baina gordetako lehenengo artxiboak 2024koak direla uste dut. Lehenengo fasea nahiko kaotikoa izaten da; ideia zaparrada bat egin, dena jaso eta gorde behar da. Nire kasuan fase honek oso luze jo zuen, ez neukalako oso garbi zer kontatu nahi nuen. Gero ordena etortzen da, eta bigarren fase honetan erabaki egin behar da kontatuko duzun istorioa. Urtebete pasatxo egon nintzen ideiak ordenatzen, eta fase horretan lagundu zidan eleberriaren kokapenak. Argi neukan abandonatutako hotel batean girotuko nuela istorioa, eta eraikin horren prozesua irudikatu nuen: noiz hasten den lizuntzen, arrakalak noiz irteten diren, horrek sortzen duen zarata... Behin erabakiak ordenatuta, beste urtebete inguru emango nuen eleberria idazten.
Zer da 'Tonta', nola definituko zenuke?
Ez da erraza liburu bat definitzea, baina esango nuke bi galdera daudela eleberri honen oinarrian: bata da, zein da gure lekua munduan, eta bestea, zertara gatoz mundura. Bi emakume dira dira protagonistak, eta biak galera baten aurrean daude. Brigitte 19 urteko neska gaztea da; aita galdu zuen lehenengo eta ama ondoren. Bakarrik dago munduan eta sentitzen du mundua ez dela bizitzeko toki segurua. Beste aldetik, Regina dago, 60 urte ingurukoa. Bizitzaren zama darama bere gain, eta badaki munduan edozer egiteko gai den jendea dagoela, aurrera egiteko. Brigittek hotel bat dauka, ama hil zenean herentzian jaso zuena, eta hotela berritzen ari da. Reginak hotel guztia alokatuko du, une horretan isiltasuna behar duelako, margolanak sortzeko. Galduta dago zahartzen ari delako, prestigioa galdu du, munduak kasurik egiten ez diola uste du... Bien arteko konplizitate eta zaintza harremana sortuko da. Denborarekin, baina, harremana gaiztotu egingo da. Botere harreman bat sortuko da, sumisioa, boterea... eta gizonezko bat agertzen den unean are gehiago zailduko da harreman hori. Muturreko egoerak sortuko dira, eta hori guztia sekretu batek zeharkatzen du; irakurleak badakiena, baina protagonistetako batek, ez. Hori lehertu egin daiteke edozein unetan.
Animaliek ere leku berezia dute eleberrian.
Bai, era guztietako ugaztunak eta narrastiak sartu ditut, eta baita hegaztiak eta intsektuak ere. Oso modu intentsuan sartu ditut guztiak. Atmosfera itogarria sortu nahi izan dut animalien bidez, ezinegona, misterioa... Eta, tonta hitza da klabea. Ez da besterik gabe ipinitako izenburua, buelta asko eman dizkiot. Nobelaren momentu batean hitz horrek dena bizkortzen du; ez da atzera bueltarik egongo. Izenburu deigarria da, eta eleberria bera ere inpaktantea dela esango nuke; bere laburrean sakona eta iluna da.
Hasi eta bukatu egiten da eleberria, kapitulurik gabe. Zergatik?
Saiatu naiz irakurketarekin ere giro itogarria sortzen. Helburua da poliki-poliki hastea irakurtzen, eta bat-batean kolpe bat iristea. Liburuan zehar kolpe bortitz asko daude, edo horretan saiatu naiz behintzat. Errealismo magikoa zein literatura fantastikoa erabili ditut idazkeran. Saiatu naiz errealismo zikina edo iluna, edertasunetik sortzen. Hizkuntza poetikoa ere sartu dut eta hiztegi aldetik ere egin dut saiakera berezia.
Gustura geratu zara emaitzarekin?
Bai, pozik geratu naiz. Hasiera, korapiloa eta amaiera dituen istorio borobila da eta saiatu naiz bizitzaren galderei erantzuten. Gozatu egin dut eleberria idazten, eta orain espero dut irakurleak ere gozatzea. Esango nuke orain arte idatzi dudan eleberririk borobilena dela, eta igartzen dela idazle moduan izan dudan eboluzioa. 30 urte daramatzat honetan, eta liburu honetan agertzen dira irakurle moduan ere izan ditudan erreferenteak, sartu ditut beste idazle batzuenganako keinuak. Bidelagun onak izan ditut liburuaren sorkuntza prozesuan, eta oso lagungarria izan da jaso dudan aholkularitza.
Durangoko Azokan izango zara. Plaza inportantea da euskal idazleentzat Durangoko azoka?
Bai, garrantzitsua da, azken batean hor biltzen direlako euskal idazle, musikari eta zale guztiak. Hor ematen da elkarren arteko hartu-emana, eta komunikazio hori garrantzitsua da. Liburua aurkezteko aukera ematen dute, irakurleei ematen diete idazlea ezagutzeko aukera, eta alderantziz, idazleok daukagu irakurlea zuzenean ezagutzeko aukera ere bai. Haien iritziak jasotzen ditugu, eta oso interesgarria da.
Bihar, Pitxintxun aurkeztuko duzu eleberria. Nola izango da ekitaldia?
Garazi Albizua eta biok egongo gara Pitxintxuko aurkezpenean. Garazi Albizua ere idazlea da, euskaraz eta gaztelaniaz idazten du, eta 2025ean Euskadi Saria irabazi zuen gaztelaniaz, Termita liburuarekin. Oso lagunak gara, eta konpainia ezinhobea izango da. Oso ondo ezagutzen du Tonta eta berak gidatuko du aurkezpena. Galdera batzuk egingo dizkit, eta nik liburuko pasarte batzuk irakurriko ditut. Azken batean da jendea animatzea liburua erostera.
Durangoko Azokak herrietako liburu dendetara zabaltzen duen egitasmo hau zer iruditzen zaizu?
Oso interesgarria da azokako produktuak Durangotik ateratzea. Batzuetan jendeak ez dauka hara joateko aukerarik, eta horrez gain, herrietako liburu dendentzako ere aukera ona da. Idazlea bertan egoten da, irakurleak ere bai... Eta nik uste dut egunerokoan liburu dendetan lantzen dela liburugintza. Ni neu erosle bezala liburu denda txikien zalea naiz gehiago Durangoko azoka zalea baino. Gustatzen zait liburu dendara joan, zein berrikuntza dauden ikusi, liburu dendakoarekin komentatu... Pitxintxuko Sararekin, esaterako, etengabeko harremana daukat. Nik uste dut zaindu egin behar ditugula liburu denda txikiak eta horrelako ekimenek laguntzen dute horretan. Nik uste dut gainera idazlea edo musikaria herrikoa denean jendea gustura joaten dela horrelako aurkezpenetara.