Duintasuna elkarteak eman duen informazioaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ia lau hilabete daramatza Errezabali eta Urazandiko maldari buruzko galderei erantzun gabe; Elgoibarko Udalak, berriz, bi hilabete baino gehiago. "Isiltasun" horren aurrean, Duintasunak Arartekoarengana eta Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearengana jo du, egoera salatzeko. Esan dutenez, administrazio bakoitzari espediente bana zabaltzea onartu dute.
Jakiteko eskubidea
Bestalde, Duintasunak Udalaren aurkako erreklamazioa aurkeztu du Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordean, esan dutenez, Udalak ez diolako erantzun irailaren 9ko informazio-eskaerari, "nahiz eta legeak hilabeteko epea ezartzen duen horretarako". Era berean adierazi dute, Udalak ez diola erantzun zundaketak eta maldari buruz urriaren 30ean aurkeztu zuten idazkiari, ezta ere azaroaren 10ean proiektu aldatuari buruz aurkeztu zutenari. Gaineratu dute, Aldundiak ere ez diela erantzun uztailean eta irailean egindako eskaerei: "Herritarrek jakiteko eskubidea dutena eskatzen dugu: maldari buruz zer azterketa egin diren, egonkortze-lanak nork ordaintzen dituen eta obrak zer proiektutan oinarritzen diren. Egoitza hau guztiona da", adierazi dute Duintasunatik.