'Verdiniren distira' ikuskizuna, barikuan, Elgoibarko Herriko Antzokian

Asier Orbea Ostolaza

Verdini taldekoak 2023an Elgoibarren eman zuten ikuskizuneko une batean. BARRENA

Dantza garaikidea inklusiboa den erakusle argia da 'Verdiniren distira' ikuskizuna, Verdini konpainiaren azken lana. Barikuan Elgoibarren taularatuko dute.

Ikuskizuna 19:00etan hasiko da Herriko Antzokian. Sarrerak aurrez eros daitezke herrikoantzokia.eus webgunean eta bestela, lehiatilan bertan.

Dantza garaikide konpainia inklusiboa da Verdini. Aniztasun funtzionala dute taldeko dantzariek, Down sindromea gehienek, eta haientzako propio sortu zuen taldea Isabel Verdini dantzariak (Donostia, 1971), 1992an. Bartzelonan dantza ikasketak egiten ari zela bere iloba Haizea jaio zen Down sindromearekin, eta hari etorkizunerako aukera bat emateko helburuarekin; eta, Haizearekiko "sentitzen duen maitasun sakonagatik" sortu zuen taldea. 
Verdini konpainiako presidente Jesus Muruaren berbetan, Haizearen bizitzari, dantzaren bidez, ekarpenak eta onurak sortzea izan zen dantza konpainiaren abiapuntua, "eta konpainiaren ibilbidean zehar argi ikusi eta frogatu dugu dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako dantza, afektutik eta sentiberatasunetik, komunikatzeko eta elkarreragitea ahalbidetzen duen hizkuntza artistiko baliagarria dela; hau da, pertsona guztien gaitasunak garatzeko aukera ematen duela, bereziki, dantza garaikideak".

Donostiako eta inguruko 25 eta 54 urte bitarteko hamahiru dantzari arituko 'Verdiniren distira' ikuskizunean, ezgaitasuna dutenak eta ez dutenak elkarrekin. Hain justu, Isabel Verdini taldeko zuzendariarekin batera Jon Alonso, Nerea Astarbe, Ainhoa Bakaikoa, Miriam Corrionero, Maria Isasti, Idoia Machimbarrena, Aitor Manterola, Oihane Mateos, Aizpea Mugika, Nekane Prieto eta Alex Santesteban izango dira Verdiniren distira ikuskizunean dantzan. 

Bigarrengoz Elgoibarren

Donostiako dantza taldea orain dela hiru urte izan zen Elgoibarren, 2023ko uztailean Maalan eman egin baitzuten dantzaldia (beheko bideoan). Gainera, Verdini dantza taldeari buruzko dokumentala ere eman zuten Maalan, ikuskizunaren aurretik. Janire Rodriguez De Gabriel (Elgoibar, 2000) da dokumentalaren sortzaileetako bat. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Mondragon Unibertsitatean, eta ikasketa amaierako proiektuaren barruan sortu zuen dokumentala, beste bi ikaskiderekin batera.