Batetik, gaur eta bihar kalera irtengo dira Inazio Bereziartua Dantza eta Musika eskolako ikasleak. Trikitixa eta pandero kalejira egingo dute gaur. Musika Eskolaren ataritik abiatuko dute kalejira 19:00etan. Bihar, berriz, Betisua txaranga irtengo da kaleak musikaz girotzera. Musika Eskolatik abiatuko dute kalejira 18:00etan.
Bestetik, Elgoibar Ikastolan ere ospatuko dute Santa Zezilia Eguna, eta bariku goizean kalejira egingo dute. Kalegoen plazan elkartuko dira, 8:30ean, eta handik ikastetxera arteko bidean musikaz girotuko dituzte herriko kaleak. Geldialdiak ere egingo dituzte zenbait puntutan. Euria egingo balu, ikastetxe barruan egingo lukete Santa Zeziliako ospakizuna.
Bandaren kontzertua, zapatuan
Normalean, domeketan izaten dira Elgoibarko Udal Musika Bandaren kontzertuak, baina Santa Zeziliako kontzertu berezia larunbatean joko dute. Lekua eta ordua ere aldatuta datoz, San Bartolome parrokian izango baita, 13:00etan hasita.
Kolaborazioa Ana Belen Garcia organo-jolearekin
Udal Musika Bandako musikariak ez dira bakarrik egongo zapatuko emanaldian; izan ere, iaz Ruben Simeó tronpeta jole galiziarrarekin egin zuten moduan, kolaboratzaile berezi batek hartuko du parte: Ana Belen Garcia Perez (Andoain, 1977) organo-joleak. Pieza batean ezik, gainerakoetan joko du San Bartolome elizako organoa.
Musikari andoaindarrak ibilbide luzea dauka musikan: piano-jotzaile eta klabezin-jotzaile gisa trebatu zen Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, eta organoa jotzen Esteban Elizondo eta Esteban Landart irakasleekin ikasi zuen, Musikenen. Ondoren, Loic Mallie, Brett Leighton eta Michel Bouvard izan zituen irakasle, eta Cristobal Halffter Organo Konposizio Lehiaketaren 33. edizioa irabazi zuen. Gaur egun, Donostiako Santa Maria del Coro basilikako organista titularra da, eta 1863ko Cavaille-Coll organo historikoaren ardura du. Era berean, Europako, Ameriketako eta Asiako hainbat herrialdetan aritu da kontzertuak ematen, bakarlari zein kolaboratzaile.

