Nola heldu zitzaizun Super Manterola-n parte hartzeko aukera?
Iker Galartzak deitu zidan, paper baterako nigan pentsatu zutela esanez. Antzerkigintzan hamar bat urte daramatzat, baina telebistarako sekula lanik egin gabe nengoen, eta sorpresa izan zen. Izen handiko aktoreak ziren, eta haien ondoan nigandik espero zuten maila ez emateak errespetua sortzen zidan. Ikerrek ezagutzen nau, eta hark badaki zeintzuk diren nire gaitasunak eta gabeziak. Beraz, horrek lasaitu egiten ninduen apur bat. Babes osoa eman zidan, eta eskertzekoa da.
Zein da zure papera telesailean?
Super Manterola herri txiki bateko supermerkatu familiarra da, bizitza guztian han egon dena. Nire izena telesailean Jagoba da, eta, hain justu, Super Manterolaren aurrean zabaldu berri duten Merkedona establezimendu handiko gerentea naiz. Supermerkatu txiki horren zuzeneko konpetentzia naiz, eta Mantelorakoek amorru puntua diote Jagobari. Gertatzen dena da nire pertsonaia jatorra dela. Modu onean joaten naiz beti, hitz jatorrekin... eta horrek amorru handiagoa sortzen die.
Nolako esperientzia izan da?
New Yorketik zuzenean iritsi nintzen Azpeitira, lo apur bat eginda. Ez nuen berotzeko aukerarik ere izan! Jendea agurtu, makillatu egin ninduten, eta nire esaldia botatzera! Harritu ninduena izan zen ez zidatela errepikatzeko ere eskatu! "Horren ona ere ez naiz ba izango!", pentsatzen nuen; eta kontua zen denbora justuan zegoela grabaziorako. Oso gustura egon nintzen grabazioan, eta emaitza gustatu egin zait. Pozik geratu naiz. Bigarren denboraldi bat balego, gustura hartuko nuke parte.
Galartza ezaguna zenuen, baina Alkain eta Garmendia batu dira oraingoan. Nolakoa izan da haiekin lan egitea?
Aitziber ezagutzen dut, baina ez dut sekula harekin lanik egin. Lehenengo eszena harekin egin behar nuen, eta oso ondo joan zen; oso esku-zabala da, eta izugarri lagundu zidan. Eta Alkainekin ere hau izan da nire lehenengo hartu-emana, baina kontatu nion hari ere anekdota bat: sasoi batean, Tumatxak programa aurkezten nuen ETBn, eta Anjel Alkainek imitatu egiten ninduen berak zeukan beste programa baten. Niretzat sekulakoa zen, nor eta Anjel Alkain ni imitatzen! Aitak ere esaten zidan: "Hi, Alkainek imitatzen ba hau, zeozer izango haiz, ala?". Nire aitak ere balio handia ematen zion horri, eta orain harekin lan egitea izugarria izan da. Ainere Tolosa, Iñake Irastorza eta beste batzuk ere badaude. Ohorea izan da aktore handi horien ondoan lan egitea, eta asko ikasi dut.
New York eta Donostia artean bizi zara orain. Zertan diharduzu?
Euskal Herrira joaten naizenean, antzerkian eta bakarrizketak egiten aritzen naiz. Nueva Yorken denbora libre asko izaten dut, eta hainbat ate jo ditut. Bakarrizketa gaztelaniaz egiten dut Queens auzoko areto txiki batean, eta nahiko pozik nago izan duen harrerarekin. Horrez gain, kontatzen dudan istorioa osasun mentalari eta futbolari lotuta dagoenez, saiatzen nabil eskoletan eta kirol taldeetan hitzaldiak egiten.
Bakarrizketa ingelesez estreinatu duzu orain; ez zara makala!
Ez daukat ingeles maila onik, eta elkarrizketa bat ingelesez izateko gaitasunik ez daukat, baina memoria oso ona daukat. Hortaz, lan handia izan bada ere, bakarrizketa buruz ikasteko gai izan naiz. Probaldi moduko bat egin nuen Donostian. Miguel Arozena elgoibartarrak Ikerbasquen lan egiten du, eta han leku askotako ikertzaileak dituzte. Galdetu zidan ea bakarrizketa ingelesez ea egingo nukeen, eta animatu egin nintzen. Orain New Yorken egin dut, eta erronka polita izan da. Helburu nagusia zen ikusleek istorioa ulertzea eta kontakizunarekin konektatzea, eta lortu egin dut; beraz, pozik geratu naiz. Badaukat zer hobetu, baina gogotsu nago hurrengo emanaldietarako.