Bazkide kanpaina berria jarri du abian Elgoibarko Tokiko Energia Komunitateak

Asier Orbea Ostolaza

Plaka fotoboltaikoak Olaizaga kiroldegiko teilatuan. BARRENA

Tokiko Energia Komunitatea (TEK) herritarrei aurkezteko saioa antolatu dute sustatzaileek azaroaren 25erako, eta herritarrak eta merkatari txikiak gonbidatu dituzte parte hartzera.

Udalak lagatako udal estalkietan plaka fotoboltaikoak jartzean oinarritzen da TEK proiektua. Udal-teilatuetan eguzki-plakekin sortutako energia kontsumituko dute 5 kilometrorainoko erradioan kokatutako udalerriko etxeek, denda txikiek eta ostalariek, udalerrian bertan ekoitzitako energia berriztagarria eskuratu ahal izateko.

Orain, proiektua ezagutzera emateko eta bazkideak erakartzeko asmoarekin, informazio kanpaina berria jarri dute martxan, "komunitatea osatzeko eta elkarrekiko autokontsumoa herritar guztiengana gerturatzeko". 
Helburua argia bat dutela zehaztu dute: Elgoibarren %100 berriztagarria eta kilometro zerokoa den energia kontsumitzea sustatzea. 

212 etxe eta negozio txikiri estaldura

TEK Elgoibarrek hurbileko azpiegitura fotovoltaikoa jarri du elgoibartarren eskura, karbono-aztarna murrizteko eta kideen elektrizitate-faktura jaisteko, etxebizitzetan edo lokaletan inolako obrarik edo instalazio indibidualik egin beharrik gabe. Komunitateak 170 kW-ko potentzia fotovoltaikoa du instalatuta, eta 340 partaidetza daude eskuragarri, Elgoibarko gehienez 212 etxe eta negozio txikiri estaldura emateko. 

Bi saioa azaroaren 25ean; merkatarientzat eta herritarrentzat

Zalantzak argitzeko, eredu energetikoaren funtzionamendu praktikoa azaltzeko eta izen-emate prozesuan gidatzeko, azaroaren 25ean, asteazkenean, bi saio egingo dituzte Aita Agirre Kulturgunean. 14:30ean, merkataritzarentzako saioa izango da, negozio txikiei, ostalaritzari eta herriko establezimenduei zuzendua, euren energia-kostuak nola optimiza ditzaketen azaltzeko. 18:30ean, berriz, hitzaldi informatibo orokorra egingo dute, herritar guztientzat irekia.

Xehetasun gehiago nahi dutenek edo bazkide egin nahi dutenek azaroaren 25eko saioetara zuzenean joan daitezke, 900 859 695 telefono deitu dezakete (doako zenbakia da) edo comunidadenergeticalocal.eu webgunea kontsulta dezakete.