Gaur hasiko dira biharko Sagardo Eguna ospatzen, iluntzean egingo den karropoteoarekin

Ander Gomez 2025eko martxoaren 14a

Martxoaren 15ean (zapatu honetan) ospatuko da aurtengo Sagardo Eguna. XI. edizioa izango da eta egun osoko egitaraua prestatu duten arren, bezperan ere —gaur, barikua— festatxoa egongo da, 19:30ean hasiko den karropoteoarekin.

Goian, 2024ko edizioaren bideo-laburpena. Bideoa: @SagardoEgunaErmua.

XI. Sagardo Egunaren giroa pizten hasteko, karropoteotxoa antolatu dute gaur iluntzean Ermuko Gazte Asanbladak, Nushu Gazte Feministek eta Ermuko Ernaik. 19:30ean ekingo diote eta bilbidea honakoa izango da: Hanigan's - Karikato/Amatxi - Sagarra - Rincón - DQ - Zabal - Infreñu. Biharko, egun osorako programazioa dago prestatuta:

2025eko Euskaraldiko Ermuko Hamaikakoaren aurkezpenarekin hasiko da eguna, eguerdiko 12etan, plazan (albistea hemen). Segidan, txosnak irekiko dituzte, Txotx!-aren lehen txandari ekinez. Pintxoa eta sagardoak dastatzeko edalontzia erosteak 7 euroko kostua izango du, eta antolakuntzatik "dirua justu" eramateko deia egin dute. 14:30ean bazkaltzeko tartetxoa hartuko dute eta 17:30ean 'kupelak' zabalduko dituzte berriz. Beste bi ordu iraungo ditu Txotx!-aren bigarren txanda honek eta 19:30ean karropoteoari ekingo diote zuzenean plazatik. Gauean, plaza dantzan jarriko dute Ermuko Begibide erromeriak, eta Aduna, Alegia, Zizurkil eta Tolosatik etorriko diren Arrixku taldeko lagunek, 22:00etan hasita.