Petra Lizaso, erraketistetan aitzindari

Estibalitz González eta Miguel Fernández 2026ko apirilaren 16a

Erraketista jantzita 1919an, Indalezio Ojangurenek erretratatuta.

Ermua zein Mallabia ugariak izan dira profesional mailan erraketara jokatzen zuten emakumetan: 12 ermuarren eta 10 mallabitarren berri daukagu. Denetan aurrenengo Petra Lizaso izan zen, "Petrona" kantxan, Cuban ere jokatu zuen atzelaria eta Ermuko Udal Liburutegiak argitaratutako Neptunoren 24 korapiloak komikiaren protagonista.

Jaiotzaz lekeitiarra zen, bertako Tenderia kaleko 43. peoran munduratua 1902ko otsailaren 22ko goizaldean. Aita Ignacio Lizaso Izagirre errexildarra zuen eta ama Maria Areitioaurtena Uribarrena, zaldibartarra. Petraz gain, beste hiru seme-alaba gehiago izan zituen bikoteak: Antonio, Jesusa eta Vicente. Gerora, bizitzak Ermura ekarri zuen familia eta Sallabenteko euren etxeari, Goikoerrota jatorriz, Lekeitixonekua deituko zieten aurrerantzean. Errekaren ondoan zegoen eta, armagintzarako lana egiteaz gain, argi-indarra sortzeko zentral txiki bat zuten, besteak beste, Zaldibarko zoroetxea hornitzen zuena. “Gron-gron-gron-gron”, etengabeko zarata zen hango makinariak egiten zuena, Rosa Bengoa Lizaso senideak gogoratzen duen bezala.

Petra, Rosaren amaren izeko zen eta akorduan ditu etxean entzundako gauza banaka batzuk eta umearen begirada liluratuarekin gogoan hartu zituen beste batzuk ere. “Gure aitxitxan arrebia zonan Petra eta karakter kontuetan traza haundixa jakanen: espabillauak, alegriak… Niri Petrak grazia eitxen jostanan, ze oso ironika zonan: akordura etortzen jakonazen gauzak esan eta ala, hor konpon! Sallabenten argi eta espabillau famia ekanan”, argitu du.

Eibarren hasi zuen bere kirol ibilbidea. Hamazazpi urteko zela, orduko erraketisten modara jantzita eta erraketa eskuan erretratatu zuen Indalezio Ojangurenek. Urte gutxira Ameriketara joateko aukera etorri zitzaion, profesional mailan jokatzeko, eta 1924an Kubara bidaiatu zuen. Hango prentsa historikoan Habanako Diario de la Marinan eta urtarrilaren 30eko datarekin, itsasoz eginiko bidaiaren berri ematen da. De la Salle transatlantiko frantses “ederrean”, 683 bidaiarirekin batera zeharkatu zuen ozeanoa. Joandako pilotari seikote baten izenak zerrendatzen dira, tartean Petra Lizasorena, euretan andrazko bakarra. Zeharkaldian, ekaitzak gogor astindu zuen baporea, baina ez zion matxurarik eragin, artikuluan argitzen den bezala.

Madriletik bere lobari bidalia. 1935eko maiatzaren 1ean.
 

Habana eta Madrileko kirol-prentsan

Madrilera itzulita Chiki-Jai pilotalekuan jokatu zuen. Prentsa hemerotekan bere partida batzuen aipamena egiten da: La Libertad egunkari errepublikazaleak, bere kirol atalean, euskal pilotari ere tartetxoa eskaintzen dio eta 1935eko urriaren 5eko alean Petra Lizasok Tere galiziarrarekin bikote Isabelita eta Marichu Lazuenen kontra jokatutakoa azaltzen da, azken hauek tanto bakarrarengatik irabazi zutena. Partida apartatzat jotzen du kazetariak eta distiratutzat Ermukoaren jarduna, jokaldi magistralekin. “Joko trebe eta adimentsua egin zuen. Kirol meritu handikoa, zeren artista handi honek ez baitu pilota jotzen; erraketarekin bultzatzera mugatzen da”, hark idatziko zuenez. Hilaren 19an beste partida “itzel” baten berri ematen du argitalpen berak, Petra atzelari legez aritzen zela argitzen diguna. Jesusa Zubiaurre "Arrate" izan zuen aurreko koadroak zaintzen eta bikotea Paquita eta Marichu Lazuenen kontra aritu zen; oraingoan Petra eta kantxa-laguna gailendu ziren. “Petrak bere joko dotore eta artistikoa berreskuratu du, atzo modu zoragarrian praktikan jarri zuena”, goraipatu zuen kazetariak.

Azaroaren 23an, La Libertad egunkarian berriro jasotzen da bere izena eta oraingo honetan Hipolita Ibaibarriaga "Poli"ren partida bat da hizpide, gero eta famatuagoa bihurtzen ari zen ermuarrak “maisutasunez” jokatu zuena. Ikuskizuna amaituta, kazetariak berarekin harmailetan egondako lagun atzerritar bat gonbidatu zuen. “Petra Lizasok, "Petrona" maitekiro deitzen diogun bezala, parte hartuko duen partidu bat ikustea nahi dut, kirol honen edertasuna berriro dastatu dezazun, eta gero Londresen racket-player-entzako frontoi bat eraiki dezazun”, idatzi zuen F.J. bezala sinatzen zuen kazetariak.

Chiki-Jai frontoian jarraitzen du 1936an. La Libertad-ek ekainaren 7an argitaratzen duenaren arabera Erraketisten Montepioa sortzear dute “erraketaren artistek”, eta Zuzendaritza Batzordeko buru izendatzen dute Petra Lizaso. “Oso egokia da izendapena, Petra baita lanpostu honetarako artistarik nabarmenena eta egokiena. Pertsona kultu, duin eta irizpide zuzenekoa den aldetik, jakingo du sortzen ari den elkarteari enpresen eta pilotarien interesen artean egon behar duen adostasun-espiritua aholkatzen” idatziko zuen oraingoan F.J. kazetariak.

Erraketista koadroa: tente, ezkerretik eskumara begiratuta, bigarrena da Petra Lizaso.
 

Artisten masajista

Jerez de la Fronteran kafetegi bat jarri zuen eta, onlineko dokumentu desberdinek erakusten duten modura, bertan dago 1944 eta 1947 urteen artean. Madrilen gero masajista modura hasi zen lanean, ez oso ohiko ofizioa bere sasoiko emakume batentzat, neurri handi baten kirolari bezala bere buruarekin trebatuz ikasitakoa. “Ona zala entzunda jakanat. Orduko artistak etortzen jakonazen: Carmen Sevilla, Paquita Rico… eta horrek danok. Klaro, horretarako dirua ekenak, edozein ezin izango zonan masajiak hartzera juan-eta. Bere sasoirako andra aurreratua izan zonan Petra”.


Petra, Jerez de la Fronteran jarri zuen kafetegiaren mostradore ostean. 1946.

Madrilen emakume alargun baten etxean zegoen ostatu hartuta. Haren alabetako batek, Florita Prietok, medikuntza ikasi nahi eta familiak formazio hori ezingo ziola ordaindu ikusita, Petra prestatu zen horretarako. Gazteak Pediatria lehenengo eta gero Psikoanalisia ikasi zuen eta Petra etxe-etxeko bihurtu zen haienean. Betirako lagun eginda, udaro, abuztuko San Lorentzo egunerako kale egin barik etortzen ziren Ermura. Urteroko bihurtu zen ere Sallabenten zeuden baserri eta etxe apurretako umeak hartu eta Eibarrera eramatea mediku-azterketa egitera eta X izpietatik pasatzera. Halan gogoratzen du Rosak eta baita Arrate Agirregomezkortak, ume-segizio hartan behin baino gehiagotan joandakoa neskatotan.

Baina ez bakarrik familiarekin, lagunekin ere ez zuen galdu hartu-emana. Rosita Arregi erraketista mallabitarra lagun handia zuen eta honek ere kanpoan, Valentzian bizi arren, udak hemen pasatzea zuen gustuko. Andoni Monforte, haren semeak ondo akorduan du Petra, “erraketista oso ona, ikaragarrixe” bere esanetan. Dotore jantzita beti, “kultura haundiko pertsonie zan, konbertsaziño haundikue, amenue beti eta irakurzalie, beti libururen batekin eskuetan” gaineratzen du. Rosa Bengoak ere gogoan du lobei beti liburuak ekartzen dizkiela opari. 

Udaro batzen ziren bi erraketistok eta adinean hogei urtetik gorako aldea izan arren, elkarri ze kontatu ez zuten falta izaten. Debara joaten ziren edo Markina-Xemeinera. Zesta-puntako partidu bat ikusi hango frontoian eta Ondarroara gero “Penalty jatetxera, legatza ederto prestatzen ebela eta hantxe bazkaltzen edo afaltzen eben partidue ikusi ostien” gogoratu du Andonik.

Madrilen bizi zela, bertan hil zen 77 urte beteta, 1979ko apirilaren 14an, aurreko egunetan ebakuntza bat egiten ziotela eta etxeko guztiak telefonoz deituta banan-banan agurtu ostean. Lurperatze zibila izan zuen.

Urte asko joan diren arren, bere izena argira ekarri da ostera ere: Ermuko Udal Liburutegiaren ekimenez kaleratutako Neptunoren 24 korapiloak komikiaren erraketista protagonista da, emakume aitzindari haiek aintzat hartzeko helburuarekin sortutako lana.

Habanatik anaiari bidalia, 1926ko maiatzaren 22an.