Gabonetako Azoka egingo da gaur eta bihar Merkatu Plazan

Dorleta Vidal 2025eko abenduaren 20a

Ermuko Udalak antolatuta, Gabonetako Azoka egingo da Merkatu Plazan abenduaren 20an eta 21ean. Bertan, umeentzako ekintzak izango dira nagusi, baina herriko hainbat dendetako postuetan erosketak egiteko aukera ere egongo da. 

Duela 20 urte inguru burutu zen lehen Gabonetako Azoka Ermuan, eta aurten, Udalak bultzatuta, ekimena berreskuratuko da herritarren gozamenerako. Abenduaren 20an, larunbata, eta 21ean, igandea, hainbat ekintza egingo dira Merkatu Plazan, eta 11:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 20:00etara erosketak egiteko aukera egongo da herriko hamar saltokik jarriko dituzten postuetan: Irati apaindegia, Irrikirri, Lulu umeen arropa-denda, Ermua Print, Gauzak, Leire Rasco ile-apaindegia, Quetzal arropa-denda, Arcos Tattoo Studio eta estetika, eta Villa de Ermua denda. 

Horrekin batera, egitarau anitza prestatu dute:

Abenduaren 20an, larunbata

11:30-13:30 Aurpegi margoketa.

12:00 Txokolate-jana.

17:30-19:30 Gabonetako diskoa.

19:30 Gabonetako erakusleihoen lehiaketako sari-banaketa.

Abenduaren 21ean, igandea

11:30-13:30 Gabonetako marrazkien lehiaketa.

18:00-20:00 Olentzerok gutunak jasoko ditu eta gozokiak banatuko dira.

Gabonetako Azokak Ermuko Merkatari eta Ostalarien Elkartearen laguntza jaso du.